Gizartea -
Ezbehar larria Gipuzkoan
Motorzale bat eta autobus-gidari bat hil dira Aretxabaletan
Bi ibilgailuek aurrez aurre talka egin dute. Motorzalea autobus azpian harrapaturik geratu da, eta autobus-gidaria kabinan. Istripua GI-627 errepidean gertatu da.
E. L. | eitb.eus
Motorzale bat eta autobus-gidari bat hil dira gauean, bi ibilgailuek aurrez aurre talka egin ondoren, Aretxabaletan (Gipuzkoa), Ertzaintzak agiri batean jakitera eman duenez. Istripu larria GI-627 errepidean gertatu da. Hildako bi lagunak Arrasatekoak ziren eta bietako bat Eskoriatzan bizi zen.
Ezbeharraren ondorioz errepidearen bi noranzkoak itxi behar izan dituzte eta auto-ilarak sortu dira.
Istripua 21:20 aldera gertatu da. Ezbeharra saihesbidearen sarreran jazo da, Arrasateko noranzkoan. Motorzalea autobus azpian harrapaturik geratu da, eta autobus-gidaria kabinan.
Lurraldebuseko autobusak zeramatzan bidaiarien kopuru zehatzaren berri ez dute eman, baina bi pertsona arin zauritu dira ibilgailuan.
Istripuaren berri izan bezain laster, larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, horien artean suhiltzaileak. Ezbeharraren tokira heldu direnean, motorzalearen eta autobus-gidariaren heriotza baieztatu dute medikuek.
Bi biktimen gorpuak Donostiako Auzitegiko Medikuntza Zerbitzura eraman dituzte, epaileak aginduta.
Bestalde, Ertzaintzak ikerketa abiatu du, istripuaren arrazoiak eta inguruabarrak argitzeko.