Gizartea -
BILAKETA
Bertan behera geratu dira Jon Barcena bilatzeko lanak Gorbeian
Berrizko gaztea mendiaren inguruko 'zenbait herritan' ikusi dutela esan dute hainbat pertsonak. Horrez gain, bere diru-zorroa eta giltzak Legution topatu dituzte.
eitb.eus
Jon Barcena 19 urteko berriztarra Gorbeia mendi inguruetan bilatzeko lanak bertan behera uztea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Gaztearen arrastoa larunbatean galdu zuten, lagunekin mendira joan eta, ondoezik zegoela eta, buelta ematea erabaki zuenean.
Laugarren egunez, gaztearen bila ibili dira gaur Gorbeian, baina beste leku batean egon daitekeen "zantzuak" azaldu dira, eta hori dela eta, Ertzaintzaren esku geratu da ikerketa.
Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak Gopegiko boluntarioen zentrora egindako bisitan azaldu duenez, "Gorbeiatik kanpo dagoen aztarnak agertu dira".
"Hipotesi guztiak, zabalik"
Gerora, ETBri eskainitako elkarrizketa batean, xehetasun gehiago eman ditu Zubiagak. Argitu duenez, Jon Barcena Gorbeia menditik gertu dauden "zenbait herritan" ikusi dutela esan dute hainbat pertsonak. Horrez gain, gaztearen objektu pertsonal batzuk (bere diru-zorroa eta giltza batzuk) topatu dituzte Legution.
19 urteko berriztarra nahita desagertu ote den galdetuta, "hipotesi guztiak zabalik" daudela erantzun du Zubiagak. "Baliteke nahita desagertu izana, galduta edo nahastuta egotea. Hipotesi guztiak ditugu zabalik", erantsi du.
Zubiagaren arabera, orain "zantzu guztiak" bilduko ditu Ertzaintzak, eta arrastoa galdu ziotenetik gazteak egin ahal izan duen "ibilbidea zehazten" saiatuko da. Ikerketa poliziala zabalik dagoela gogorarazi du Zubiagak.
Eskerrak eman dizkiete bila ibili diren ehunka pertsonari
Eusko Jaurlaritzak lau egun hauetan boluntarioek eta Larrialdi Zerbitzuetako kide profesionalek egindako lana eskertu du.
Berrizko gaztea larunbatean, abenduaren 30ean, desagertu zen. Goizean Gorbeiara igotzen hasi zen mutila, Araba aldetik, lagun talde batekin, baina ondoezik zegoela eta, buelta eman zuen, eta lagunek goraka jarraitu zuten.
18:45 aldera, menditik jaitsi eta ez zuten aurkitu, eta horregatik, larrialdi zerbitzuetara deitu zuten.
Ordutik Barcenaren bila aritu dira ehunka pertsona Gorbeian, alferrik.