Gizartea -
Txotx
Alberto Iñurrategik 2018ko sagardo denboraldiari hasiera emango dio
Alpinista gipuzkoarrak txotx egin eta denboraldiko lehen sagardo edalontzia dastatuko du urtarrilaren 15ean, Astigarragako Gurutzeta sagardotegian.
Agentziak | Erredakzioa
Alberto Iñurrategi alpinistak sagardo denboraldiari ofizialki hasiera emango dio Astigarragan (Gipuzkoa), Sagardoaren Lurraldeak urtero antolatzen duen zeremonian.
Iñurrategik txotx egin eta denboraldiko lehen sagardo edalontzia dastatuko du urtarrilaren 15ean, Astigarragako Gurutzeta sagardotegian, elkarteak agiri batean jakitera eman duenez. Horrela, ohitura denez, “Gure sagardo berria” oihuarekin uzta berriari ongietorria egingo dio mendizaleak.
Sagardo berriaren egunaren 25. edizioa izango da. Aurreko urteetan txotxaren protagonistak izan ziren pertsona ospetsuak bertan izango dira.
Ekitaldia baino lehen sagardo berriaren ezaugarriak eta datuak aurkeztuko dituzte arduradunek. Ondoren Iñurrategik sagarrondo bat landatuko du eta sagardotegira joango da denboraldiari hasiera emateko.
Eneko Atxa sukaldariak 2017ko denboraldiari hasiera eman zion iaz. Lehenago, Loreak (2015) filmeko protagonistak, La Oreja de Van Gogh (2013) musika taldeak, Ainhoa Arteta (2005) sopranoak, Mikel eta Xabi Alonso (2004) futbolariek, Miguel Indurain (1998) txirrindulariak, Martin Fiz (2002) korrikalariak eta Julian Retegi (1997), Juan Martinez Irujo (2007) eta Aimar Olaizola (2009) pilotariek, besteak beste, txotx egiteko ardura izan dute.