Gizartea -
BILAKETA
Berrizko 19 urteko gazte baten bila ari dira Gorbeia mendian
Aurrerantzean profesionalak soilik arituko dira 19 urteko berriztarraren bila, eta norbaitek lagundu nahi badu, Gorbeia oso ondo ezagutu beharko du.
AGENTZIAK | EITB.EUS
Hirugarren egunez aritu dira Jon Barcena gaztearen bila Gorbeian, Arabako nahiz Bizkaiko magaletan, baina ez dute aurkitu. Asteazken honetan, goizean goiz, ekingo diete berriro 19 urteko berriztarra bilatzeko lanari.
Iluntzean, 18:00ak aldera, utzi dute bertan behera bilaketa. Asteartean 600 pertsona baino gehiago aritu dira joan den larunbatean galdu zen mendizalearen bila, tartean Ertzaintza, Gurutze Gorria, DYA, suhiltzaileak, espeleologoak eta ehunka boluntario.
Arratsaldean, eguraldia pixka bat hobetu da eta Ertzaintzaren helikoptero baten laguntza izan du bilaketa taldeak.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak boluntario guztiei esker ona adierazi die, baina asteazken honetatik aurrera profesionalak soilik arituko dira Jon Barcenaren bila. Gorbeia oso ondo ezagutzen duten mendizaleak soilik onartuko dituzte boluntario moduan aurrerantzean.
Jon Barcena abenduaren 30ean desagertu zen. Larunbat arratsaldean Gorbeiara igotzen hasi zen mutila, Araba aldetik, lagun talde batekin, baina ondoezik zegoela eta, buelta eman zuen, eta lagunek goraka jarraitu zuten.
18:45 aldera, menditik jaitsi eta ez zuten aurkitu, eta horregatik, larrialdi zerbitzuetara deitu zuten.
Geroztik martxan dira bilaketa lanak Gorbeia mendian eta inguruetan.
Gezurtatu egin dute boluntarioak lortzeko eskaera ofizialik dagoenik
VOST larrialdietarako Euskadiko boluntario digitalen elkarteak bere Twitter kontuan zabaldu duenez, ez da inolako eskaera ofizialik egin Berrizko gaztearen bilaketan parte hartzeko boluntarioak lortzeko.
Azken orduotan mezu bat zabaldu da WhatsApp bidez boluntarioak behar zirela esanez. VOSTen esanetan, kontrolik gabeko deialdi masibo bat egitea asko zaildu ditzake bilaketa lanak.
Halaber, SOS Deiak larrialdi zerbitzuaren hitzetan, gaztea bilatzeko nahikoa jende bildu da dagoeneko.
Guztira, 400 boluntario baino gehiago elkartu dira bilaketa operazioarekin bat egiteko.