Gizartea -
Berdintasun Legea
Aitatasun baimena luzatzeko ekimena etenda, Aurrekontu Orokorren faltagatik
Luzapena ez dute urteko azken Ministroen Kontseiluan onartuko, eta, beraz, ez da urtarrilaren 1ean indarrean sartuko. Gainera, ez dute ziurtatu 2018an errealitate izatera iritsiko denik.
Agentziak | Erredakzioa
Aitatasun baimena bost astera luzatzea (2018rako aurreikusita zegoen, Espainiako Gobernuak eta Ciudadanosek adostuta) geldiarazi dute, Estatuko Aurrekontu Orokorren faltagatik.
Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, luzapena ez dute urteko azken Ministroen Kontseiluan onartuko, eta, beraz, ez da urtarrilaren 1ean indarrean sartuko. Gainera, ez dute ziurtatu 2018an errealitate izatera iritsiko denik, aurreikuspen horrekin Aurrekontu Orokorrak onartzearen edo 2017koak luzatzearen araberakoa izango baita, martxan jartzeko nahi politikoa eta beharrezko funtsak izanda.
Espainiako Estatua berandu dabil gai honetan. 2007ko Berdintasun Legeak hamabost eguneko aitatasun baimena ezarri zuen, ordura arte bi egun libre bakarrik zituztelako, eta hilabeteko iraupena izatera iritsi behar zuela esan zuen beranduenez 2013ko urtarrilaren 13an.
2008an Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako orduko Gobernuko presidenteak iragarri zuen urtebete geroago aplikatuko zela, baina 2009an nahikoa baliabide ekonomikorik ez zegoela eta, neurria atzeratu zuen. Gauza bera egin zuen Mariano Rajoyk Gobernura iristean: Aurrekontu Orokorrean Lege Organikoaren neurri osagarri baten bitartez urte bat bestearen atzetik atzeratu zuen indarrean sartzea, eta, azkenean, 2017ko urtarrilaren 1ean hartu ahal izan zuten aitek hilabete, seme-alabak izateagatik edota hartzeagatik.
Ordutik eta irailera arte, 196.873 aitek gozatu dute lehen aldiz Espainiako historian % 100 ordaindutako lau asteko baimenaz. Epe berean, 200.618 emakumek izan dute amatasun baimena; hauen kasuan 16 asteraino iritsi daiteke.