Gizartea -
SUTEA
Gizon bat zauritu da Gueñesen izandako sute batean
Sua 10:15ean piztu da Sodupe auzoko lokal batean zegoen auto batean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizonezko bat zauritu da gaur goizean Gueñeseko lokal batean piztutako sutean. Gizona osasun zentro batera eraman dute erredurak egin baititu.
Ertzaintzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek jakinarazi dutenez, sutea 10:15ean piztu da Sodupe auzoko Iorgi kalean. Zehatz-mehatz esanda, etxabe batean zegoen auto batean hasi dira garrak.
Zaurituak autoa atera du bost solairuko eraikineko beheko solairutik, eta autoak sutan jarraitu du kalean.
Balmasedako eta Uriosteko 16 suhiltzaile bertaratu dira, 5 motoponpa eta 2 eskailerarekin, eta sua itzali dute. Dena den, ingurua zaintzen eta aireztatzen geratu dira, sua itzali ondoren.
Bost solairuko eraikina ez dute jendez hustu behar izan, baina etxean egotea eta aireztatzea aholkatu diete bizilagunei.