Gizartea -
GABONETAK AZKOKA
Janari eta ardo azoka, Gasteizen
Bertako produktuen dastatzeez gain, hainbat tailer eskainiko dira heldu zein umeentzat.
Ixone Arana | Eitb.eus
Hamar saltoki eta food-track bat izango dira azokaren muina, enogastronomiaren ikuspegitik Gabonetako espiritua ekartzeko hiriburura. Azoka Plazaren ondoan jarriko dute, eta doako 30 ekitalditik gora izango dira bertan; tailerrak eta bertako produktuen dastatzeak, tartean.
Azokaren helburua Gasteizen aisialdirako eskaintza erakargarria izatea da, gastronomia, bertako ardoen kultura (Arabako Errioxako ardoa, txakolina eta sagardoa), gourmet produktuak eta Arabako ekoizleen produktuak eskainiz.
Dastatzeez gain, besteak beste, Gabonetako bileretarako zizka-mizkak egiteko tailerrak eta, abenduaren 29an, patata-tortilla gozoena egiteko lehiaketa izango dira eskaintza horren baitan. Txikienentzat, Gabonetako gailetak edo mazapanezko figurak egiteko tailerrak egongo dira, eta Olentzerok gozokiak banatu eta gutunak hartuko ditu.
Nerea Melgosa Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotziak lankidetza publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana sustatzen jarraitzen alde egin du, eta Gabonetako azoka hau elkarlan horren erakusgarri dela esan du. “Aurten, Jaiotza Monumentalaren moduko ohiko erakargarriekin eta hainbat toki enblematikotan izaten den giroarekin batera, bertako merkatari eta ekoizleei laguntzeko ekimen hori sustatu dugu”, adierazi du Melgosak.
Azoka ostegun, ostiral eta larunbatetan egongo da irekita abenduaren 14tik urtarrilaren 5era arte, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.