Gizartea -
Aurkezpena
Euskal Herriko sagardotegiek 13,2 milioi litro ekoiztu dituzte 2017an
Sagardogileen hainbat elkartek aurtengo ekoizpenaren inguruko datuak aurkeztu dituzte gaur goizean Donostian emandako prentsaurrekoan.
Agentziak | Erredakzioa
Azken urteotan izandako sagar-uztarik esanguratsuena izan denez, "Euskal Herriko sagardotegiek 13,2 milioi litro sagardo" ekoiztu dituzte 2017an. Erabilitako sagarren % 85 bertakoak dira, eta % 15, berriz, kanpotik ekarritakoak.
Euskal Herriko hainbat sagardo elkartek jakinarazi dituzte datuok gaur goizean Donostian emandako prentsaurrekoan. Boulevarden ipinitako Sagar Apurua baserri-dolarean egin dute ekitaldia. Sagardoaren inguruko antzinako ohiturak erakusten dizkiete bisitariei bertan.
Bestalde, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duen 4 milioi litro ere egin dituztela azaldu dute, 47 sagardotegitan, 2016an baino 14 gehiagotan.
Sagarraren kalitatea
Aurtengo sagarra "handia izan da eta etekin ona" atera diote. Horrenbestez, "sagardo arina, argia eta fina" egin dute. Oro har, "oreka eta gorputz" ona ditu.
Sagardogileen esanetan, "urrian izandako tenperatura onari esker", muztioak azkarrago irakin duenez, "usain gozoa" du. Dena den, produktu bakoitzak "ezaugarri propioak" dituela berretsi du.