Gizartea -
EUSKARA
Jendaurrean euskara lehenesteko irizpideak adostu dituzte Gipuzkoako 18 eragilek
'Gipuzkoa berdinago: jendaurreko hizkuntza jokabide orekatuago baten aldeko adierazpena' izenpetu dute. Euskararen aldeko 'jokabide aktibo bat' mantentzeko konpromisoa hartu dute guztiek.
ERREDAKZIOA
'Gipuzkoa berdinago' egitasmoaren ondorioak aurkeztu dituzte, gaur, Gipuzkoan erreferentzia diren 18 erakundek, elkartek eta enpresek, azken sei hilabeteetan elkarlanean egindako lanaren ondoren. Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzenduta, lankidetzan egindako bidearen ondoren, jendaurrean euskararen erabilera bultzatzeko jokabidea jasotzen duen adierazpena adostu dute; hizkuntzen arteko "bizikidetza orekatuagoa" bilatu nahi dute.
Prozesu honetan parte hartu duten enpresa eta elkarteetako ordezkariek bilera egin dute goizean, agiria sinatzeko: Adegi, Basque Culinary Center, Bera-Bera Eskubaloia, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA Gipuzkoa, UPV/EHU, SD Eibar, Real Sociedad, Laboral Kutxa, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Fagor Taldea, CAF eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan dira parte hartzaileak.
'Gipuzkoa berdinago: jendaurreko hizkuntza jokabide orekatuago baten aldeko adierazpena' izenpetu dute denek. Lurraldean duten "erreferentzialtasunetik", euskararen aldeko "jokabide aktibo bat" mantentzeko konpromisoa berretsi eta horretarako neurri multzoa adostu dute.
Joan den apirilean abiatu zuten egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik, jendaurrean komunikatzeko garaian eredugarri izan litezkeen jokabide egoki batzuk adostu asmoz. "Erakunde guztientzako erreferentziazkoa izango den hizkuntza erabilera portaera batzuk eraikitzea izan dute xede azken hilabeteotan garatutako lan saioetan", Aldundiaren arabera. Soziolinguistika Klusterrak bideratu prozesua.
Sinaduraren ondoren Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi duenez, "gizarte, genero eta hizkuntza ezberdintasunak ahalik eta gehien murrizteko ahaleginean buru-belarri lanean ari dela Gipuzkoako Foru Aldundia". "Bi hizkuntza ofizial ditugu lurraldean, baina bistakoa da bien erabilera ez dela orekatua. Esparru batzuetan euskararen presentzia oraindik txikia da, nahiz urratsak egiten ari garen. Herritarrari bermatu nahi diogu bi hizkuntza ofizialetatik nahi duenean jarduteko askatasuna, baina gaur gaurkoz errealitateak erakusten du aukera hobeak, eta errazagoak, daudela gaztelaniaz", nabarmendu du.