Gizartea -

Iraunkortasuna

Zientzialariek 'bigarren abisua' eman diote Gizateriari Lurrari egindako kalteagatik

184 herrialdetako 15.000 zientzialarik ohartarazi dute (bigarrenez 25 urtean) ingurugiro joera txarrak mehatxu "nabarmena" direla gizakien ongizatearentzat.

Kutsadura. Argazkia: EiTB
Kutsadura. Argazkia: EiTB
Kutsadura. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

184 herrialdetako 15.000 zientzialarik (Munduko Zientzialarien Aliantzak) azken 25 urteetako bigarren oharra egin diote Gizateriari ingurugiro joera txarrak gizakien ongizatearentzat mehatxu "nabarmena" direlako eta Lurrari "funtsezko" kalte "atzeraezinak" egin dizkiotelako.

"Munduko zientzialarien oharra Gizateriari: Bigarren abisua" da BioScience aldizkarian argitaratutako artikuluari jarri dioten izenburua. Bertan azaldu dutenez, hainbat joera ez dira iraunkorrak, eta hainbat neurri proposatu dituzte horiek iraultzeko.

Zientzialarien ustez, azken 25 urteetan ingurugiroarekin lotutako bederatzi gai daude "Gizateria etorkizuna arriskatzen" ari dela iradokitzen dutenak, nahiz eta salbuespen batzuk izan, tartean ozono geruzaren egonkortasuna.

Zientzialarien arabera, gizakien ongizatearen gainean "mehatxu nabarmena" dago ingurugiroari egindako kalteagatik: klima aldaketa, basoak desagerraraztea, ur geza ez edukitzea, espezieak desagertzea, gizaki kopuruak gora egitea, etab.

Horren aurrean, "Gizateria ez da premiazko neurriak hartzen ari", artikulua sinatu dutenen ustez, duela 25 urte jakinarazitako mehatxuek bere horretan jarraitzen dutela iritzita.

Hori dela eta, zientzialariek 13 lan eremu proposatu dituzte joera txarrak iraultzeko, eta presio publiko korronte bat sortzea galdegin dute.

Itsaso eta lur babesguneak sortzea; legez kanpoko ehiza eta espezie basatien merkataritzaren mugak indartzea; emakumeentzako familia planifikazio eta hezkuntza egitasmoak zabaltzea; landareetan oinarritutako dieta sustatzea; eta energia berriztagarriak eta teknologia "berdeak" zabaltzea dira, besteak beste, proposatutako lan eremuak.

Etorkizuneko arriskuei buruzko bigarren abisua da hau; izan ere, 1992tik okerrera egin omen dute joera gehienek. Orduan, 1.700 zientzialarik, tartean nobel saridunek, "Munduko zientzialarien oharra Gizateriari" sinatu zuten, Kezkatutako Zientzialarien Batasunak argitaratu zuena.

Munduko Zientzialarien Aliantzak orain azpimarratu du gizaki kopuruak % 35 egin duela gora tarte horretan, baina ugaztunen, narrastien, anfibioen, hegaztien eta arrainen kopuruak % 29 egin duela behera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak Zientzia berriak Larrialdi klimatikoa 2024