Gizartea -

Galiziako suteak

27 sute daude aktibo Galizian; ez dira arriskutsuak etxeak erretzeko

Aurreikuspenek ziotenez, euria ari du gaur Galizian, eta tenperaturak behera egin du. Beste zazpi sute egonkortuta daude, eta 48, halaber, kontrolpean.

82 sute daude Galizian, astearteko 8:00etan. Argazkia: EFE.
82 sute daude Galizian, astearteko 8:00etan. Argazkia: EFE.
Lau pertsona hil dira Galiziako suteetan

1:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

27 sute daude aktibo Galizian astearte honetako goizean, Xuntaren arabera, baina ez dira, dagoeneko, arriskutsuak etxeak erretzeko. Aktibo daudenez gain, beste zazpi egonkortu ahal izan dituzte, eta 48 kontrolpean daude. Eguraldi-iragarpenak aurreratuta zuenez, gaur euria ari du Galizian, eta tenperaturak behera egingo du. Sutearen aurkako lanetan lagungarri ari dira izaten baldintza horiek.

Suteen ondorioz, lau lagun hil dira Galizian, eta 20 zauritu. Deitu dituzten hainbat manifestaziotan, landa-eremua hobeto kudea dezatela eta suteen aurkako baliabide gehiago eskatu dituzte milaka herritarrek. Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentearen esanetan, "su-eragileen terrorismoak" piztu ditu suteak, eta Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak adierazi du Polizia talde horien bila dabilela. Dena den, kritika asko entzun behar izan dituzte azken orduotan, irailaren amaieran egin zen murrizketa baten ondorioz gaur egun 436 langile gutxiago baitaude baso-brigadetan.

Guardia Zibilak esan duenez, "lehen zantzuen arabera, sute gehienak nahita eragindakoak izan dira"; hala ere, "halabeharrezko kasu batzuk ere egon badaude". Hala eman dute jakitera Guardia Zibilaren iturriek; horien esanetan, suteen gaineko ikerketa "lehen fasean" dago. Meteorologia-baldintzek, gainera, suteak azkar hedatzen lagundu zuten, eta hori dela eta, "lehen helburua bizitzak salbatzea izan zen", azaldu dute iturri horiek.

Egiaztatu dutenez, gainera, Portugaletik iritsitako garrek Miño ibaia bi lekutatik zeharkatu zituzten, Pontevedran sartzeko.

Asturiasen, 21 sute astearte goizean

Asturiasen, bitartean, suteak itzaltzeko lanek, euri arinak eta tenperaturaren beherakadak bat egin dute, eta denak lagundu du baso-suteen kopurua murriztu ahal izateko. Astearte goizean, hain zuzen, 21 sute zituzten oraindik piztuta bertan; astelehen goizean 35 zeuden, eta astelehen gauean, berriz, 27.

Meteorologia-iragarpenaren arabera, euria egingo du eta tenperatura nabarmen jaitsiko da; beraz, bi horiek suteen aurkako borrokan lagunduko dute gaur ere.

Portugalen, kontrolpean dituzte erdialdeko eta iparraldeko suteak

Azkenik, Portugalen, suhiltzaileek kontrolpean hartu dituzte jada herrialdearen erdialdean eta iparraldean dauden sute guztiak. Azken orduotan, gutxienez 36 lagun hil dira suteen ondorioz, eta 63 zauritu.

Antonio Costa Portugalgo lehen ministroak elkarrekin ados jartzeko eskatu die alderdi politikoei gaur egun indarrean dagoen babes zibilaren eredua erreformatze aldera; izan ere, Costak nabarmendu du basoak zaintzeko eredua ez dela eraginkorra baso-suteak saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Portugal Galizia albisteak Rueda Valenzuelaren gobernua Gaurko titularrak Ingurumena azken ordukoa