Gizartea -
Ostegunetik desagertuta
Bertan behera geratu dira Arrasaten desagertutako gizonaren bilaketa-lanak
Mendira joan zen ostegunean, eta, etxera itzuli ez zela ikusita, desagertzearen berri eman zuten senideek. Udalatxen, Betsaiden eta Anboton aritu dira bilaketak egiten 19:00ak arte.
EiTB.EUS
Goizean goiz, 07:30ean, berrekin diete ostegunetik falta den Arrasateko 56 urteko bizilagunaren bilaketa-lanei, eta 19:00etan, bertan behera utzi dutela bilaketa jakinarazi du Herrizaingo Sailak. Hala, igande honetan ekingo diete berriz bilaketa lanei, 07:30 aldera.
Gaur, 70 mendizale aritu dira parte hartzen, Arrasateko Udaleko Babes Zibileko teknikari batekin eta Ertzaintzako agenteekin batera.
Ostegun goizean mendira irten zen J.A., baina nora joan zen ziur ez dakitenez, Udalatx, Betsaide eta Anboto mendien inguruak aritu dira miatzen. 10:00etatik aurrera, mendizalea joan ohi den koba batzuk aritu dira ikuskatzen Ertzaintzako Zaintza eta Erreskaterako unitatea eta helikoptero bat.
Ertzaintzak eitb.eus-i jakitera eman dionez, ostegun gauean etxera itzuli ez zela ikusita, larrialdietarako zerbitzuak ohartarazi zituzten senideek, eta salaketa jarri zuten. Ostiral goizean, Udalatx eta Betsaide mendietan aritu ziren bilatzen, eta arratsaldean Kurtzetxikira ere zabaldu ziren bilaketa-lan horiek, herritar batek emandako informazioari esker, goiena.eus-ek jakitera eman duenez. Gaur Anboto inguruak ere arakatzen aritu dira.
SOS Deiak-ek, halaber, deialdia egin die herritarrei, norbaitek mendizalearen berri balu 112 telefonora deitzeko.