Gizartea -
Indarkeria matxista
Elkarretaratze isilak Araban, Lantarongo auzokidearen hilketa salatzeko
Gasteizko emakumea ustez bikotekideak hil zuen Miranda Ebron. Krimenak umezurtz utzi ditu bi seme-alaba; horietako bat, adingabea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Elkarretaratze isilak egin dituzte gaur Arabako erakundeek, atzo, Miranda Ebron hildako Ana B. J. emakume gasteiztarraren hilketa salatzeko.
Indarkeria matxistaren biktima berri honen familia eta lagunen aldeko elkarretaratzeak egin dituzte Gasteizko eta Ribabellosako udalek. Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidenteak jakinarazi duenez, batzarkideek elkarretaratzea egingo dute gaurko osoko bilkura bukatutakoan.
Emakumearen gorputza aurkitu eta gutxira, Poliziak bikotekidea atxilotu zuen Gasteizko Mercedes enpresan (bertan egiten du lan). Hala ere, Polizia iturriek jakitera eman dutenez, ikerketaren nondik norakoak itxi gabe daude, eta hortaz, hilketaren inguruko hipotesi guztiak zabalik daude.
Miranda Ebroko Argibideetako 1 zenbakiko epaitegiko epaileak sumarioa sekretupean jarri du.
Emakumea Turison bizi zen bi seme-alabarekin, horietako bat, adingabea, eta banatze-prozesuan ari zen senarrekin. Ribabellosako eskola publikoan lan egiten zuen jantokiko zaintzaile gisa.
Turisoko auzotarrek, 300 inguru, beren samina erakutsi dute Udalak eguerdian egindako elkarretaratzean. Horretan, eskolako zuzendaria, irakasleak eta gurasoak ere izan dira.
Senideek udal ordezkarien laguntza jaso dute. Bestalde, udaletxean indarkeria matxistaren aurkako kartela eskegi dute.
Artolazabal: gasteiztar baten hilketak berdintasun eza agerian uzten du
Bestalde, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak hilketa gaitzesteaz gain, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eza salatu du, hilketa horrek agerian utzi baitu "berdintasuna oraindik lortu barik" dagoela.
Sailburuak Gasteizen egin du prentsaurrekoa hilketari buruz hitz egiteko. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren solidaritatea luzatu die biktimaren senideei eta Lantarongo auzokideei.
Hori horrela, "benetako berdintasuna" lortzeko lanean jarraitzeko eskatu die erakundeei.
Artolazabal arduratuta dago azken hilketa matxista honengatik, baita irailaren 28an Sestaon izandakoagatik ere; orduan, emakume bat, Noelia Noemi (32 urte), hil zuen ustez haren bikotekideak eta ondoren gizonak bere buruaz beste egin zuen.
Sailburuaren hitzetan, emakumea izateagatik Euskadi bezalako kalitate eta ongizate maila altuko gizarte aurreratu batean "pertsonak hiltzea onartezina" da.
_______________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.