Gizartea -
Zientzia
Cassini zundak ostiralean amaituko du misioa, eta desegin egingo da
Azken 13 urteetan Saturno planetaren inguruan orbitatu ostean, goizaldeko ordubietan (Pazifikoko ordua) bukatuko du bere lana. Saturnoko atmosferan desegingo da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cassini espazio-zundak ostiral honetan amaituko du bere misioa, eta, azken 13 urteetan Saturno planetaren inguruan orbitatu ostean, eguzki-sistemako bigarren planeta handienaren atmosferan desegingo da.
"Ontzia segundoko 35 kilometroko abiaduran sartuko da Saturnoko atmosferan, eta planetaren lurrazaletik 1.500 kilometro ingurura desagertuko da", Nicolas Altobelli Europako Espazio Agentziako (ESA) zientzialari eta Cassini proiektuaren buruak prentsaurreko batean aurreratu duenez.
Hala ere, Cassini zundak azken unera arte egingo du lan, eta bere instrumentu eta transimisioak egiteko ekipo guztiak azkera arte egongo dira konektatuta. "Ordubete eta 14 minutu geroago, Lurrak misioaren azken datuak jasoko ditu, eta, segidan, seinalea desagertu egingo da", gaineratu du.
Saturnoko atmosferako gasen eraginez, Cassinik orientazioa galduko du, eta ostiralean, 02:00etan —Pazifikoko ordua—, amilduko da.
Cassini misioak iraun duen bitartean, hainbat aurkikuntza egin dituzte: Saturnoren eremu magnetikoa eta planetaren eremu grabitazionala neurtu dituzte, eraztunen adina zehaztu dute eta horren atmosferaren osagaiak aztertu dituzte. Altobelliren esanetan, Cassini zundak Lurraren irudi bikainak bidali ditu, aurretik inoiz ikusi ez diren modukoak, eta "zein txikiak garen erakutsi digu".