Gizartea -

Epaia

12 urte eta erdiko kartzela zigorra, Zornotzan gizonezko bat hiltzeagatik

Halaber, debekatuta izango du udalerrian bizitzea eta biktimaren senideengana gerturatzea edota horiekin komunikatzea 22 urtean.

Gorpua altxatu zuteneko argazkia. EFE
Gorpua altxatu zuteneko argazkia. EFE
Gorpua altxatu zuteneko argazkia. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Auzitegiak 12 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio 2015eko irailean, Zornotzan, 61 urteko polizia nazional erretiratu bat kolpeka hiltzeagatik epaitutako 37 urteko gizonezkoari.

Gaur argitaratutako epaiaren arabera, kartzela zigorraz gain, udalerrian bizitzeko eta biktimaren senideengana gerturatzeko edota horiekin komunikatzeko debekua izango du. Halaber, erabateko desgaikuntza ezarri dio epaimahaiak.

Epaia ez da irmoa, eta aldeek helegitea aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian. Gainera, akusatuak 330.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die biktimaren senideei, eta ezin izango du hirugarren gradua jaso zigorraren erdia bete arte.

Hilketa 2015eko irailaren 17an gertatu zen Zornotzako Zubizabala auzoan, 37 urteko akusatua biktimaren baratzera joan zenean.

Epaiketan akusatuak esandakoaren arabera, biktimak mehatxu egin zion, eta hark pistola bat zeukala bazekienez, jo egin zuen bere burua defendatzeko. "Burua galdu nuen", azpimarratu zuen.

Epaimahaiaren esanetan, ordea, biktima akusatua baratzera heltzen ikusi zuen, baina ez zuen defendatzeko aukerarik izan.

Epaian irakur daitekeenez, akusatua 61 urteko gizona hiltzeko asmoarekin joan zen bertara, bi familien artean izandako "pasarte biolentoen mendeku" gisa.

Bestalde, epaimahaiak ukatu egin du hilketa gertatu zenean hiltzaileak bere buruko gaitasunak murriztuta zituenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Amorebieta-Etxano albisteak Epaiketak bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Giza hilketak Delituak bideoak Prentsa digitalaren azken orduko