Gizartea -
Haurdunaldi subrogatua
EH Bildu, haurdunaldi subrogatua arautzearen alde
Alderdiak doakoa izatea proposatzen du, eta prozesua sistema publikotik egin ahal izatea.
Agentziak | Erredakzioa
Alokairuzko umetokien aurka eta ordezkapen bidezko ernalketa arautzearen alde agertu dira Oihara Etxebarrieta legebiltzarkidea eta Ainhoa Beola EH Bilduko Programa zuzendaria, gaur goizean Bilbon egindako agerraldian.
“Emakumeen eta umeen eskubideak babestearen eta borondateak arautzearen alde egiten dugu EH Bildutik. Nolanahi ere, gaiaren inguruko eztabaida ireki behar da mugimendu feminista, LGTBI, erakunde eta herritarren artean”, adierazi dute
EH Bilduren ustez, bi aukera daude “gaiari eutsi ez eta arautzearen kontra egin, emakumeen eta sortuko diren umeen eskubideak babestu gabe. Edo arautzearen alde egin, emakumeen eskubideak indarrean dauden merkatuen zein interes ekonomikoen gainetik babestuz eta, beraz, geuk ezarriz joko arauak”.
Argi utzi nahi izan dutenez, EH Bilduk ez du babesten emakumeen umetokien alokairua, ordezkapen bidezko ernalketa arautzea baizik. Gainera, “eskubideen eta borondatearen artean bereizten” jakin behar dela esan dute EH Bilduko kideek. “Ernalketarekin aurrera egin ala ez egin eta norbere gorputzaren gaineko erabakia hartu ahal izatea eskubidea den moduan, guraso izatea borondatea da”.
Zentzu horretan, ordezkapen bidezko ernalketa doakoa izatea eta sistema publikotik egitea proposatzen du EH Bilduk. Beraz, “enpresa bitartekorik, publizitaterik eta ordainketarik ez izatea”. Horrez gain, EH Bilduk honako baldintzak jartzen ditu ordezkapen bidezko ernalketa arautzeko: “umetokiaren jabea den emakumea eta umea izan nahi dutenak Estatu berean bizitzea; umetokiaren jabea den emakumearen eskubideak eta osasuna lehenestea; indarrean dagoen adopzio sistema zaharkitua errebisatzea; obuluen merkaturatzeko sistema zaharkitua errebisatzea, harrera familien eredua hedatzea; behin prozesua hasitakoan, emakumeek erabaki ahal izango du bere gorputzaren gainean, hasitako prozesua etetea ere bai”.