Gizartea -

ELKARTASUN EKIMENA

Ukrainiako 205 ume helduko dira astelehenean Euskal Herrira, uda pasatzera

101 gaztek Gipuzkoan igaroko dute uda, 79k Bizkaian, 13k Araban eta 12k Nafarroan. Txernobilgo ezbehar nuklearrak kaltetutako lurretan bizi diren haurrak dira.

Txernobil haurrak
Txernobil haurrak
Txernobil haurrak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainiako 205 ume helduko dira Euskal Herrira astelehen honetan, euskal familiekin hilabete batzuk pasatzeko, Chernobil Elkarteak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Elkarteak azaldu duenez, ez da erraza izan harrera programan izena emateko prest zeuden familia berriak aurkitzea. Alabaina, 26 umek uda Euskal Herrian igarotzeko aukera izango dute aurten lehen aldiz.

1996. urtean sortu zuten Txernobilgo zentral nuklearraren ezbeharraren ondorioz osasun arazoak dituzten umeak Euskal Herrian hartzeko programa.

Aurten, 101 gaztek Gipuzkoan igaroko dute uda, 79k Bizkaian, 13k Araban eta 12k Nafarroan. Txernobilgo ezbehar nuklearrak kaltetutako lurretan bizi diren haurrak dira.

Umeak ez dira bakarrik etorriko, haiekin batera lau irakasle baitatoz. Itzulpen lanak egiteaz gain, umeekin batera egongo dira.

Gainera, urtero bezala, elkarte horretako boluntarioek hogei bat jarduera antolatu dituzte Ukraniatik datozen ume guztiak bildu eta elkarrekin egoteko aukera izan dezaten.

Donostiako Kristina Enea Parkean esaterako, ginkana bat prestatu dute. Halaber, Bilboko suhiltzaileen egoitza bisitatuko dute, Nafarroako Irrisarri Land parkera joango dira eta Gasteizko Udal Musika Bandaren kontzertu batera joateko aukera izango dute.

2017ko harrera programa abuztuaren 18an amaituko da; egun horretan itzuliko dira euren herrira ume ukrainiarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina azken orduko Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Umeak azken ordukoa Udako albisteak