Gizartea -
HERIOTZA
Ivan Fandiñoren aldeko hileta elizkizuna gaur izango da, Urduñan
Atzo 20:00etan iritsi zen toreatzaile bizkaitarraren gorpua Amurrioko beilatokira, eta bertan jarriko zuten hilbeila.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ivan Fandiño toreatzaile bizkaitarraren aldeko hileta elizkizuna gaur, astelehena, izango da, Urduñako Santa Maria elizan, 18:00etan.
Gorpua atzo 20:00etan iritsi zen Amurrioko beilatokira, eta familiako iturriek jakitera eman dutenez, Laudion erraustuko dute.
36 urteko toreatzailea larunbatean hil zen, Aire Sur L'Adour hirian (Frantzia), zezen batek adarkatuta. Zezen plazan zegoela, estropezu egin eta lurrera erori zen, eta, antza, une horretan harrapatu zuen zezenak: eskuin sahietsaldean sartu zion adarra, zauri oso larria eraginez.
Egoera larrian eraman zuten zezen plazako erizaindegira. Han, egonkortzea lortu bazuten ere, Mont de Marsaneko ospitalera bidean hil zen, bihotzekoak jota.
2014ko uztailean, Iñaki Lopez kazetariak aurkeztutako ETB2ko 'Iñaki & Cia' saioan parte hartu zuen, eta bere bi zaletasunen inguruan hitz egin zuen: zezenketak eta pilota.
Doluminak
Urduñako Udalak doluminak helarazi dizkie Ivan Fandiñoren sendiari eta lagunei, herriaren izenean, Facebook sare sozialean argitaratu duen ohar baten bidez. Udalak nabarmendu du toreatzaileak ez zuela "inoiz ahaztu bere jatorria".