Gizartea -
Eibar
Ehunka irakaslek Haurreskolak Partzuergoaren aurrean igaro dute gaua
Ezustean, Partzuergoak atzo iragarri zuen haurreskoletako ordezkapenak egiteko zerrendan izena emateko epea gaur goizean ireki eta bihar itxiko zutela. Hori dela eta, jendetza elkartu da Eibarren.
Agentziak | Erredakzioa
LAB sindikatuak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek haurreskoletako ordezkapenak egiteko irakasleak hautatzeko prozedura gogor kritikatu dute.
Haurreskolak Partzuergoak atzo iragarri zuen, ezustean, gaur eta bihar eman ahalko dela izena ordezkapenak egiteko zerrendan eta hurrenkera hartuko dutela kontutan, hau da, izena eman ahal kokatuko dituztela zerrendan.
Hori dela eta, ehunka lagunek gaua igaro dute Partzuergoak Eibarren duen egoitzaren aurrean. Goizeko 08:00etan 500 lagun zeuden ilaran, zerrendan izena emateko zain. 09:00etan ireki dituzte bulegoak.
LABek gogora ekarri du azken urteotan hainbat proposamen egin dituela ordezkapenetarako zerrendaren eta plazak betetzeko araudiaren harira eta joan den ekainaren 8an jakin zuen ordezkapenak egiteko zerrenda agortuta zegoela.
Horrenbestez, zerrenda irekitzea eta langileak izena eman ahala zerrendan kokatzea proposatu zuen.
Eusko Jaurlaritzari negoziatzeko deia egin dio eta 0 eta 3 urte arteko hezkuntza “unibertsala, doakoa, euskalduna eta kalitatezkoa” bermatzeko galdegin dio.
ELAk esan du onartezina dela administrazio publikoak horrela jardun izana, “merituak dituzten irakasleak zerrendan izena emateko edo plaza bat lortzeko aukerarik gabe utzi dituelako”.
Haurreskoletako zuzendaritzak langileen berdintasunerako eskubidea urratu duela uste du eta harrigarritzat jo du LABek plazak zerrendan apuntatu ahala ematea babestu izana.
Horrela bada, salaketak jartzeko deia egin die ELAk kaltetutako langileei. Era berean, sindikatuaren zerbitzu juridikoek Partzuergoaren kontra auzitegietara jotzea aztertuko dute.
Amaitzeko, zerrendan izena emateko epea luzatzeko eta esleipenak merituen arabera egiteko eskatu du, “gaur gertatutakoa errepika ez dadin”.
Elkarrekin Podemosek prozedura kritikatu du, langileen meritua kontutan hartu beharrean, “izena emateko ordena lehenesten delako”.
“Prozedura horren ondorioz ehunka lagunek gaua ilaran pasatu dute, beren eskaera garaiz aurkeztu ahal izateko, eta horietako asko larunbat honetako oposaketetarako ikasten ari dira”, erantsi du.
Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak esan du bart Eibarren bizitakoa Partzuergoaren “kudeaketa txarraren eta aurreikuspen faltaren ondorio” dela.
“Lotsagarria eta onartezina da jendea horren errespetu gutxirekin tratatzea”, adierazi du.
Uberak iragarri du EH Bilduk Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren eta Haurreskolak Partzuergoko kudeatzailearen agerraldiak eskatu dituela Legebiltzarrean, azalpenak eman ditzaten.