Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Hiru emakume hil dituzte genero-indarkeriaz Madrilen eta Murtzian

Azken 24 orduotan indarkeria matxistarekin lotutako hiru krimen izan dira Madrilen eta Murtzian. 2017a hasi zenetik 27 hildako utzi ditu genero indarkeriak Espainiako Estatuan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken 24 orduotan hiru krimen matxista izan dira Espainiar Estatuan. Izan ere, asteburu honetan bi emakume hil dituzte genero-indarkeriaz Madrilen eta beste bat Murtzian. 2017a hasi zenetik 27 hildako utzi ditu genero indarkeriak.

Igande honetan, 07:25ak aldera, emakume bat hil dute Murtzia Erkidegoko Molina de Segura udalerrian. Antza denez, gizonezko batek bere lankidea hil du, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei laguntzeko elkarte batean. Emakumea hil ostean, gizonezkoak bere buruaz beste egin du. Poliziaren arabera, litekeena da indarkeria matxistarekin lotutako krimena izatea.

Ordu batzuk lehenago, beste krimen matxista bat izan da Madrilgo Collado Villalba udalerrian. 38 urteko emakume bat hilik aurkitu dute segurtasun indarrek. Ustezko hiltzailea, 43 urteko gizona, izan da abisua eman duena.

Ostiral gauean, 55 urteko emakume bat hil zuen haren senarrak Madrilen, eta, lehen datuen arabera, gizonezkoak ito egin zuen emakumea beraien etxebizitzan. Summa 112 larrialdi zerbitzuetako langileek 22:00ak aldera aurkitu zuten emakumearen gorpua. Suspertzen saiatu ziren arren, ez zuten lortu.

Antza denez, bere bikotekideak abisua eman zion Poliziari, eta, ondoren, labana bat hartu eta zauri larriak egin zituen bularraldean. Arrazoi horregatik, larri zaurituta eraman zuten ospitalera. Hilketa matxista egotzita atxilotu zuten.

Polizia iturriek jakitera eman dutenez, emakumezkoak ez zuen aurretik indarkeria generoarekin lotutako salaketarik jarri.

_____________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Madrilgo gertakizunak Mundu matxista