Gizartea -
INFORMAZIO PRAKTIKOA
Zer da histamina?
Histamina organismoan era naturalean dagoen konposatu bat da. Substantzia honek alergiak eta bestelako erreakzioak eragin ditzake.
EITB.EUS
Zer da histamina?
Giza organismoan modu naturalean sortzen den substantzia da histamina. Elikagaietan ere, batez ere arrainetan, sortzen da histamina. Amina biogenoen taldekoa da.
Histamina kopuru handiak alergiak eta bestelako erreakzioak eragin ditzake giza gorputzean.
Zergatik sortzen da histamina?
Elikagaiak manipulatzerakoan higienea behar bezala ez zaintzeak eragin dezake histamina substantzia sortzea.
Kontserben prozedura okerrak ere sor dezake histamina: besteak beste, elikagaiak tenperatu altuan behar baino denbora gehiagoan izateak sortzen du amina mota hau.
Zein elikagaietan sortzen da histamina?
Batez ere, arrainetan sortzen da histamina. Dena dela, hestebeteetan, gaztetan eta ardoetan ere agertu ohi da.
Scombridae familiako arraietan sortzen da gehienbat, eta hori dela eta, 'Scombridae toxikazioa' deitu ohi zaio amina mota honek eragindako alergiei: atuna eta berdela dira kaltetuenak. Sardinetan, antxoetan eta bokartetan ere agertu ohi da.
Zeintzuk dira histaminak giza osasunean izan ditzakeen ondorioak?
Histamina dosi altua kontsumitzeak toxikazio arinak eta alergiak eragin ditzake: hipertentsioa, buruko mina, beherakoa edo aurpegiko azala gorritzea dira sintometako batzuk. Batzuetan, histamina kontsumitu eta berehala agertzen dira zantzu horietako batzuk, baina hiru ordura ere ager daitezke.
Alergia kasu larrienetan arnas-aparatuarekin lotutako arazoak sor daitezke; gorputz osoan kalanbreak ere eragin ditzake histamina dosi altu batek. Kasu gehienetan 12-24 orduren buruan kontrolatzen dira substantzia honek eragindako erreakzioak.
Histamina kontrolatzeko araudirik ba al dago?
Europar Batasunak arrainetan eta horietatik eratorritako produktuetan egon daitekeen gehienezko histamina kopurua ezarrita du: 100-200 miligramo kilo bakoitzeko. Halaber, Europako arauak ezartzen du nahitaezkoa dela arrantza-produktuak zero gradu zentigradutik hurbil mantentzea manipulazio kate osoan zehar, histamina sortzea ekiditeko.