Gizartea -
Polemika
Mikel Laboaren omenezko horma-irudi bat ezabatu dute Donostian
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, azalpenak eskatuko dizkio hiriko mantentze-lanak egiteaz arduratzen den enpresari.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Udalak hirian mantentze-lanak egiteko azpikontratatzen duen enpresako langileek Mikel Laboaren omenez margotutako horma-irudi bat ezabatu zuten ostiral honetan.
Murala Antigua auzoko fatxada batean marraztu zuten hainbat auzotarren ekimenez, eta bertan kantautore donostiarraren erretratu bat agertzen zen, bere testuen pasarte batekin batera.
Alkateak gertaera deitoratu du
Eneko Goia Donostiako alkateak deitoratu egin du horma-irudia ezabatu izana, eta, baieztatu duenez, azalpenak eskatu ditu hori egiteko "agindua nork eman duen" argitzeko.
Goia "harrituta" agertu da mantentze zereginetako enpresak horma-irudia pintura zuriz estali duela jakin ostean.
Azpimarratu duenez, ez dator bat gertatutakoarekin; izan ere, "Mikel Laboa Donostiako ikur maitatu bat da eta murala horren adierazle da".
Ildo beretik, murala kentzeko agindua eman duenak "sentsibilitaterik ez" duela izan erantsi du. Azkenik, Udalak "euskal kulturaren ikur bati egindako kaltea" nola konpon daitekeen aztertuko duela esan du.