Gizartea -
Auzitegi Gorena
Bilboko maristek in vitro ernalketa egin zuen irakaslea hartu beharko dute
Auzitegi Gorenak atzera bota du Bilboko maristen kaleratze bat, eta eskolak berriro onartu beharko du in vitro ernalketa egiten ari zen irakaslea.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Gorenak atzera bota du Bilboko maristen kaleratze bat, eta eskolak berriro onartu beharko du in vitro ernalketa egin zuen irakaslea, ez duelako egiaztatu kaleratzeak ez zuela zerikusirik aipatu tratamenduarekin.
Ebazpenean agertzen denez, El Salvador Ikastetxeak ez du justifikazio "objektiborik eta arrazoizkorik" aurkeztu kaleratzeaz. Hau da, ez dute nahikoa argi frogatu kaleratzeak ernalketa prozesuarekin zerikusirik ez zuenik.
Kaleratutako langilea haur eta lehen hezkuntza irakaslea da Bilboko maristen ikastetxean, eta bertan zegoen lanean 2005etik.
2009an ugalkortasun tratamenduak egiten hasi zen, eta 2014ko maiatzaren 27an hasi zuen azkenekoa. Hilabete geroago, ikastetxeak, tratamenduaren berri zuenak, kaleratzearen berri eman zion idatzi batean, arrazoi ekonomikoak argudiatuta.