Gizartea -
Epaia
Kalte-ordaina berretsi diote amiantoagatik hildako gizon baten familiari
Petronor, Iberdrola eta beste hainbat enpresek guztira 331.000 euro ordaindu beharko diozkiote familiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak hala berretsita.
Agentziak | Erredakzioa
Petronor eta Iberdrola enpresek Bilboko epaitegi batek 2016ko irailaren 12an erabakitakoaren aurka jarritako helegiteak baztertu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak. Hori dela eta, beste hainbat enpresarekin batera, 331.000 euro ordaindu beharko dizkiote amiantoak eragindako mestelioma baten ondorioz hildako gizon baten familiari.
Euskadiko amiantoaren biktimen elkartearen (Asviamie) arabera, hildakoari (63 urte) lanerako erabateko ezintasuna aitortu zioten, amiantoak eragindako lan-gaixotasun bat zela medio. Gaixotasunaren jatorria ikertu ostean, langileak "amiantoak sortutako gaixotasuna" zuela zehaztu zuten.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baztertu egin ditu bi enpresa horiek emandako argudioak, "ez baita garrantzitsua langileak amianto mantak zuzenean manipulatu zituen ala ez; izan ere, amiantoak airean geratzen diren zuntzak uzten ditu eta ondoan lan egiten duen edonork ere arnas ditzake".
Asviamie elkartea pozik agertu da Auzitegiaren erabakiarekin, "enpresa handiak ardurak saihesten ahalegintzeko egiten dituzten maniobrak indargabetuko dituelako".
Halaber, Auzitegiaren esanetan, amiantoari dagozkion segurtasun eta garbitasun arauak bete ez zituzten enpresentzat "geroz eta zailagoa da ardura ekiditea".