Gizartea -
10. urtemuga
Euskal Herriak 'Planetaren ordua'rekin bat egingo du
Ordubetez (20:30-21:30) argiak itzaltzeko ekimenarekin bat egitera deituta daude mundu osoko erakunde, enpresa eta gizabanakoak.
Agentziak | Erredakzioa
'Ordubeteko itzalaldi sinple bat ingurugiroaren alde munduan egiten den ekintzarik garrantzitsuena' bilakatu da. Horixe da 'Planetaren ordua', Word Wide Fund for Nature (WWF) erakundearen arabera. Banakoen ekimenek klima aldaketaren kontrako borrokan lagun zezaketelakoan, 2007an aurrenekoz ospatu zuten 'Planetaren ordua', Sidneyn (Australia). Apurka-apurka, urtez urte, ekimenarekin bat egiten joan dira mundu osoko hiriak.
10 urte geroago, urteroko zita bihurtu da. Aurten ere (martxoaren 25ean) nazioarteko erakundeek, enpresek eta herritarrek argiak itzaliko dituzte 20:30etik 21:30era Lurraren berotzeaz ohartarazteko eta "gizateriarentzat etorkizun distiratsuago" bat aldarrikatzeko.
Urtero bezala, hitzorduarekin bat egingo du Euskal Herriak ere. Bilbok, Donostiak, Gasteizek, Iruñeak eta herri ugarik eraikin ezagunenen argiak amatatuko dituzte. Hartara, ingurumenarekin duten konpromisoa erakutsiko dute udalek, Eusko Jaurlaritzak, enpresek, baita herritarrek ere.
Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plaza, San Migel eliza eta Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitza ilunduko dituzte. Bilbon, Guggenheim museoko eta Jaurlaritzak Kale Nagusiko 85. zenbakian duen egoitzaren argiak itzaliko dituzte, besteak beste. Donostiak ere bat egingo du itzalaldiarekin, eta honakoen argiak amatatuko ditu: Kontxako badia, Santa Klara uhartea, Urgul mendiaren harresiak, Udaletxea, Kursaal auditorioa edota Victoria Eugenia antzokia. Iruñean, bestalde, hiriko harresiak, Takonera lubanarroak, hiriko zubi eta elizak ilunduko ditu. Foruen estatuako (Sarasate pasealekua) eta Erorien Monumentuko argiak ere itzaliko dituzte.
Herri askok ere ilunpean emango dute larunbat iluntzeko ordubete hori. Nafarroan, Tutera; Bizkaian, Durango, Ermua, Portugalete, Muskiz edo Getxo; Gipuzkoan, Eibar, Errenteria, Irun eta Alkiza; eta Araban, Ozaeta.
2016a, azken 136 urteetako beroena
"Lurra lehendabizi. Ez zaitzala inork geldiarazi" da aurtengo hitzorduaren leloa. WWF Espainiak gogorarazi duenez, 2016a azken 136 urteetako beroena izan zen, eta XXI. mendean, ia urtero gainditu dira tenperatura hazkundearen markak.
Juan Carlos del Olmo WWF Espainiako idazkari nagusiak nabarmendu duenez, "litekeena da klima aldaketak dakartzan erronka eta arriskuak gizateriak inoiz izandako handienak izatea, baina era berean, ez dugu inoiz etorkizun bidezko eta seguruago bat eraikitzeko halako aukerarik izan".
2017 honetan hainbat eskakizun zehatz egin ditu erakundeak: Brasilgo bioaniztasuna babesteko neurriak hartzea, Hego Afrikan energia berriztagarriak sustatzea, Txinak bizimodu jasangarriago bat lortzeko pausoak ematea edota EBk etorkizun energetiko garbi eta berriztagarria izateko politikak martxan jartzea.
Hori lortzeko bidean, www.horadelplaneta.es webgunean abiatutako sareko martxan parte hartzeko deia egin diote gizarteari.