Gizartea -
Kontsumobideren oharra
Apustu taldeetan sartzeko dei komertzial oldarkorrez ohartarazi dute
Horretarako, hilean 60 euro jarri behar dira, eta, hilabetean saririk lortu ezean, jarritako dirua berreskura daitekeela hitzematen dute.
Agentziak | Erredakzioa
Loteria-apustuetan bitartekari gisa aritzen diren enpresek egiten dituzten telefono-deiei buruz ohartarazi du Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak. Izan ere, dei horietan, teknika komertzial oldarkorrak baliatuta, hileroko kuota bat ordainduz apustu talderen batean sartzera bultzatzen dituzte kontsumitzaileak.
Kontsumobideren esanetan, metodo sinplea erabiltzen dute: telefono-dei bat egiten dute, ustez ausaz. Batzuetan, galdera erraz bat egiten dute, eta, zuzen erantzunez gero, sari gisa, apustu talde batean parte hartzeko aukera ematen dute, zozketa batzuetan jokatu ahal izateko (99 lagunez osatutako taldeak izaten dira). Horretarako, hilean 60 euro jarri behar dira, eta, hilabete horretan saririk lortu ezean, jarritako dirua berreskura daitekeela hitzematen dute.
Kontsumobidek ohartarazi duenaren arabera, horretan datza gakoa; izan ere, inolako saririk jaso ez denean baino ezin da erreklamatu jokatutako zenbatekoa itzultzea. Alabaina, hori ez da sekula gertatzen, hilero diru-sarrera bat jasotzen baitute irabazien kontzeptuagatik; normalean kopuru urria izaten da, bi euro ingurukoa. Horrek, baina, eragotzi egiten die diru hori itzultzeko eskatzea.
Komertzialek telefono-deia egiteko baliatzen duten moduagatik, kontsumitzaileak batzuetan ez dira konturatzen kontratu bat egiten ari direla. Kontratua, baina, automatikoki luzatzen da hilero, eta, ondorioz, kontsumitzaileari hileroko kuota kargatzen diote banku-kontuan.
Kasu horietan, apustu taldean sartzea onartu eta, ondoren, taldetik ateratzea erabakitzen dutenek kontratua deuseztatu nahi badute, lehenik eta behin, enpresarekin harremanetan jarri behar dute, tramitea jasota geratzea uzten duen bitarteko bat baliatuta.
Urrats hori egin gabe ordainagiria zuzenean itzultzen badute, kontratuak indarrean jarraitzen duela argudiatuko du enpresak, eta ordaindu ez diren kuotak erreklamatu ahalko ditu.
Kontsumobidek aholkatu duenez, oso "zuhur" eta "kontuz" jokatu behar da edozein dei komertzial jasotzen denean, eta, horretarako, besteak beste, horrelako deiei jaramonik ez egiteko eta telefonoz inongo banku-daturik ez emateko gomendioa eman du.