Gizartea -

Zientzia

Marten bizi baldintzarik dagoen aztertuko dute euskal ikerlariek

2020an NASAk ibilgailu berri bat bidaliko du Martera, eta EHUko ikerlari talde bat kamera kalibratzeko sistemaz arduratuko da.

ExoMars ibilgailua, Marten. Argazkia: EFE
ExoMars ibilgailua, Marten. Argazkia: EFE
ExoMars ibilgailua, Marten. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru urte barru NASAk ibilgailu berri bat bidaliko du Martera, planeta gorriaren gainazaleko harriak eta lurzorua aztertzeko. Mars 2020 izeneko misioan lanean hasi dira jada, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde bat ibilgailu horren kamera kalibratzeko sistemaz arduratuko da. Bizia garatzeko baldintzarik dagoen argitzea da misio horren helburu nagusia.

Ibilgailuak bere gain eramango duen kalibrazio plakak 12x12 zentimetro inguru neurtzen ditu eta Elgoibarko (Gipuzkoa) AVS enpresak ekoiztuko du. Juan Manuel Madariaga Kimika Analitikoko katedradunak ikertalde euskalduna zuzentzeko ardura du, eta EFE berri agentziari azaldu dionez, Elgoibarko AVS enpresa “oso berritzailea da”. Ildo horretatik, “proiektua garatzen lagundu duen punta-puntako enpresa” dela nabarmendu du.

Marteko gainazala aztertuko duen kamerari SuperCam izena jarri diote (ibilgailuaren atzeko gurpilean jarriko dute, eta aurreko tresnekin alderatuta berrikuntza teknologikoak ekarriko ditu). Zortzi kamerek aztertuko dute planeta gorriaren gainazala, bizia garatzeko baldintzarik dagoen argitzeko. Zehazki, aztarna organikoak eta bio-organikoak bilatuko dituzte, eremu bizigarrien frogak bilatzeko.

Madariagak nabarmendu duenez, eskura izan dituzten berrikuntza teknologikoak erabili dituzte kalibrazio sistema garatzeko. Valladolideko Unibertsitateak, Malagako Unibertsitateak eta Madrilgo Unibertsitateak osatzen dute, EHUko ikerlariekin batera, SuperCam-aren tresnak kalibratu dituen ikertaldea. NASAk 2014. urtean ireki zuen misio horretan parte hartzeko aukera, eta ordudanik nazioarteko 68 erakundek eman dute izena.

Gainazala aztertzean biltzen dituen datu guztiak NASAri igorriko dizkio zuzenean. Era berean, baliteke Valladoliden beste informazio puntu bat jartzea, eta oraindik non jarriko dituzten zehaztu ez duten arren, EHUk informazioa aztertzeko aukera izango balu pozez hartuko lukeela esan du Madariagak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak EHU albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak Zientzia Planetak Marte