Gizartea -

Gipuzkoa

Naturkon taldeak Aralarko 'gatazka' bideratzea eskatu dio Aldundiari

Gipuzkoako talde ekologisten koordinakundeak elkarretaratzea egin du gaur Donostian, Aralarko pisten eraikuntza salatzeko.

Naturkon koordinakundearen protesta Donostian. EiTB
Naturkon koordinakundearen protesta Donostian. EiTB
Naturkon koordinakundearen protesta Donostian. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naturkon Gipuzkoako talde ekologisten koordinakundeak Aralarko Natura Parkean pista eraikitzeko proiektuak eragindako "gatazka" bideratzea eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, baita ingurune hori mantendu zein eraberritzeko zeregina betetzea ere.

Hala, Naturkonek elkarretaratzea egin du Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko jauregiaren aurrean, Aralarko pisten eraikuntza salatzeko, "natura-parkearen bihotzaren aurkako erasoa" dela argudiatuta.

Protestan irakurri duten oharraren arabera, Zaldibiako Gailurrerantz mendi-taldeak kudeatutako Oiduiko bordaren sutea "lekuz kanpo" dagoela. Joan den otsailaren 4ean guztiz kiskali zen.

Halako gertaerek "agerian uzten dute Aralarren inguruko gai honek sortzen duen tentsioa".

Elkarte ekologistak uste du Foru Aldundiak "ez dituela kontuan hartu" Aranzadi Zientzia Elkartearen irizpideak. Era berean, ekitaldian salatu duenez, orain dela 13 urte, aldiz, aintzat hartu zituen; izan ere, "orduan pistak eraikitzeko proiektua geldiarazi zuen", Eusko Legebiltzarraren arabera, egitasmoa ez zelako aproposa natura-parkearen helburuak betetzeko.

Naturkonen aburuz, beharrezkoa da "artzaintza eta abeltzaintza ekologikoa bultzatzea", parkearen araudia eta legeak errespetatuta. Horretarako, egoera aztertu beharra dago eta emaitzak ezagutarazi, balore naturalak babesteko neurriak hartzen direla ziurtatzeko.

Ondoren, "prozesu parte-hartzailea abiatu beharko litzateke hainbat sektoreren artean", Aralar Natura Parkearen kudeaketa jasangarria bermatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Ekologia gaur Gipuzkoako Foru Aldundia Aralar mendilerroa albisteak