Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Burlatako hilketaren auzian pertsonatuko da Nafarroako Gobernua
Herri akusazio gisa aurkeztuko da Foru Gobernua, eta horretarako prozedura abian jarri dutela iragarri du gaur Maria Solana eledunak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernua herri akusazio gisa aurkeztuko da Blanca Marquesen hilketaren auzian, Berdintasunerako Institutuaren bidez.
Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko, 2015eko Foru Arauaren 65.1 artikulua oinarri hartuta pertsonatuko da Uxue Barkosek zuzentzen duen Exekutiboa auzi honetan, Maria Solana Foru Gobernuko bozeramaileak jakinarazi duenez.
Bestalde, gaur arratsaldean, hilketa salatzeko Iruñean egingo den bilkuran parte hartzeko deia egin die Solanak herritarrei. Halaber, Foru Gobernuaren elkartasuna helarazi dio bozeramaileak Marquesen familiari, eta indarkeria matxista errotik desagerrarazteko lanean jarraituko dutela agindu du.
Bien bitartean, Blanca Marquesen gorpua bilatzeko lanei ekin diete berriro gaur goizean. Arga eta Ultzama (Argaren adarra) ibaiak arakatzen ari dira, eta eguraldiak hobera egin duenez eta ibaien emaria jaitsi denez, ontzi bat ari dira erabiltzen bilaketa lanetan.
--------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.