Gizartea -
Polizia operazioa
Nigeriako prostituzio sare bat desegin dute Bilbon
Poliziak 20 pertsona atxilotu ditu eta bederatzi emakume askatu ditu. Dirudienez, haien jaioterrian erakarri zituzten, lanpostu baten promesa faltsuekin.
Agentziak | Erredakzioa
Poliziak Nigeriako prostituzio sare bat desegin du; 20 pertsona atxilotu ditu eta bederatzi emakume askatu. Dirudienez, haien jaioterrian erakarri zituzten, lanpostu baten promesa faltsuekin, eta prostituitzera behartzen zituzten budu errituekin Bilbon, besteak beste.
Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak jakitera eman duenez, sarea Italian, Nigerian eta Aljerian finkatuta zegoen eta, emakumeak ustezko lan eskaintzekin Espainiara joateko konbentzitu ostean, 30.000 euroko zorra zutela jakinarazten zieten, eta prostituzioaren bitartez Espainiako hainbat probintziatan kitatu behar zutela esaten zieten.
Menderatuta izateko, “budu-yuyu” erritualak egiten zizkieten, besteak beste, oilasko batetik ateratako bihotza jatea edota whiskya edatea. Operazioa Murtzian, Valentzian, Bilbon, Alacanten eta Madrilen gauzatu dute.
Operazioa 2016an hasi zuten, eta agenteek egindako hainbat ikerketen ostean, Nigeriako hainbat emakume prostituziora behartuta zeudela jakin zuten. Behin arduradunak ezagututa, sareko 20 kide atxilotzea lortu dute eta bederatzi emakume askatzea.
Operatiboan, agenteek 12 erregistro gauzatu dituzte Murtzian, Valentzian, Torrenten (Valentzia), Bilbon, Benidormen (Alacant), Parlan eta Getafen (Madril). 4.000 euro eta 1.100 libra atzeman dituzte, budu erritualak egiteko objektuez, identitate dokumentuez, mugikorrez eta kanpo memoriako euskarri fisikoez gain.
Espainian, biktimak esplotatzaileenganako “dependentzia osoko” egoeran zeuden, Poliziak nabarmendu duenez, inolako dokumentaziorik ez zutelako, eta bertako kultura, legedia eta hizkuntza ez zekizkitelako, Polizien prozedurenganako mesfidantza izateaz gain.
Egoera horretatik ateratzeko beste neurririk ez zutenez, esplotazioa salatzeko beldur ziren, herrialdetik botatzeko edota errepresaliak jasotzeko arriskua ikusten zutelako.