Gizartea -
Abenduak 21
Aldaketak Donostiako TAOan eta Dbusen, San Tomas azoka dela eta
Autobus zerbitzua indartuko dute, eta Okendo eta Gipuzkoa plazako geltokiak Askatasun hiribidera eramango dituzte.
EITB.EUS
Donostiako Alde Zaharra eta erdigunea San Tomas azokako bihotza bihurtuko dira abenduaren 21ean. Jaia dela eta, aldaketak izango dira zirkulazioan eta garraio publikoan.
TAO sistemari dagokionez, 1-1, 1-2 (erdigunea) eta 2-1 (Gros) sektoreei dagozkien Egoiliarrentzako Aparkaleku Bereizgarria (TAO txartela) duten bertakoek baimena izango dute gainerako sektoreetan aparkatzeko, baldintza berdinetan. Igandetik abenduaren 22ra arte, ostegunera arte, izango dute baimen hori.
Horrez gain, hiritik mugitzeko, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa eman du Udalak. Renfek, esaterako, 2.500 eserleku gehiago eskainiko ditu. Dbusek ere autobus zerbitzua indartuko du, eta linea batzuetan gauez ere ibiliko dira autobusak.
Gipuzkoa plaza eta Okendo plaza feria-gunearen parte izango direnez, bertako geltokiak lekualdatuko dira, 07:00etatik 21:00etara gutxi gorabehera. Gipuzkoa plazako geltokia Askatasun hiribidera mugituko dute. Horrez gain, hainbat lineak ez dute geltokirik egingo Okendon eta Askatasun hiribidean. Aldaketen informazio zabalagoa dago Dbusen webgunean.
Bestalde, gaueko zerbitzua luzatuko dute linea hauetan: 9. linea (Egia-Itxaurrondo), 13.a (Altza), 19.a (Aiete-Bera Bera), 23.a (Errondo Puio) eta 25.a (Benta Berri-Añorga).