Gizartea -
'Bidesaria' sistema
Heldu da tarifa finkoa Bizkaiko bidesarietara: gehienez 30 euro hilean
Gehiago gastatzen dutenei dirua itzuliko zaie. Gainerakoek ere deskontuak izango dituzte, % 45erainokoak.
Agentziak | Erredakzioa
Urtea hastearekin batera, 2017ko urtarrilaren 1ean, bidesari sistema berria sartuko da indarrean Bizkaian, eta tarifa finkoa edukiko du. AP-8ko, Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideko eta Artxandako tuneletako erabiltzaileek gehienez ere 30 euro ordainduko dituzte hilean.
Horrez gain, kopuru horretara heltzen ez direnek ere, laguntzak izango dituzte: 11. bidaiatik aurrera, % 35eko deskontua izango da, eta 26. bidaiatik aurrera, % 45ekoa.
Noiz, non eta nola?
Diru-laguntzak jasotzeko sistema honen onurak jasotzeko, Interbiak enpresako bulegoetan edo, berrikuntza gisa, bizkaia.eus webgunearen bitartez egin beharko dute eskaria erabiltzaileek, abenduaren 1etik aurrera.
Eskatzaileek hiru baldintza bete behar dituzte: Bizkaian bizi den pertsona fisikoa izan behar dute (enpresak sistematik kanpo daude), Via T gailua izan behar dute matrikula jakin bati lotuta eta ordainketak Via T sistemaren bitartez egin behar dituzte.
Honako agiriak aurkeztu behar dira sisteman alta emateko: nortasun-agiria, ibilgailuaren zirkulazio-baimena eta Via T gailua dugula ziurtatzen duen bankuko egiaztagiria.
Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak jakinarazi duenez, ordainlekuetan kamerak jartzen ari dira, matrikulak irakurri eta Via T gailua sisteman altan emandako matrikulari lotuta dagoela egiaztatzeko, balizko iruzurrak saiheste aldera.
Zazpi euro urtean, Via T sistemagatik
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak eta hainbat finantza-erakundek akordioa adostu dute. Akordio horri esker, Via T gailua doan emango dute, eta urtean 7 euro ordaindu beharko dira hura mantentzeko. Bezero berrientzat, lehenengo urteko kuota 5 eurokoa izango da, eta 7 eurokoa, hurrengo urteetan.
30 euroko langa gainditzen duten erabiltzaileei hilabete amaieran itzuliko zaie dirua.
Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, 24.800 bizkaitarrek erabil dezakete sistema berri hau. Gaur egun, 8.000 bizkaitarrek erabiltzen dute.