Gizartea -
Polizia operazioa
Barakaldon atxilotu dituzte etxeetan osten zuen taldeko hiru kide
Etxeetan lapurretak egiten zituen georgiar talde bat desegin du Poliziak; 100 lapurreta baino gehiago egitea egotzi diete.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak 48 lagun atxilotu zituen asteartean Espainiako Estatuko hainbat probintziatan, batez ere Madrilen eta Bartzelonan, etxeetan lapurretak egiten dituen talde bateko kide direlakoan. Gerora jakin denez, atxiloketa horietako hiru Barakaldon egin zituen Poliziak. Atxilotutakoak Georgiakoak dira, eta 100 bat lapurreta egotzi dizkiete.
Georgian ere egingo omen dituzte atxiloketak. Atxiloketez gain, baina, miaketak egin zituzten Madrilen, Sevillan, Bartzelonan eta Bizkaian.
Krimen Antolatuaren kontrako Brigadak eta Madrilgo Polizia Judizialak elkarlanean egin zuten operazioa, Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 3. epaitegi zentralak eta Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak koordinatuta.
Poliziaren arabera, nazioartean lapurreta gehien egin dituen Georgiako gaizkile-taldea da.
Agenteek hilabeteak eman dituzte ikertzen. Taldeak mafia baten moduan funtzionatzen zuen, eta etxeetan lapurretak egin eta ostutako bitxiak saltzen zituen. Lapurretak egiteaz gain, dirua zuritzea, baimen barik armak edukitzea, agiri ofizialak faltsutzea eta osasun publikoaren kontrako delituak egitea leporatu diete.
Taldearen ustezko burua bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du Europolek nazioartean. Italian omen dago.