Gizartea -
ERREFUXIATUEN KRISIA
Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoa: 'Beste Europa bat posible da'
Gaur aurkeztu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoa plataforma Donostian. Europako migrazio politikak aldaraztea eta errefuxiatuen egoeraz gizartea kontzientziatzea dute xede.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiritar talde batek Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoa plataforma sortu du, Siriatik eta gatazkan daude beste zenbait herrialdetatik ihesi Europara datozen errefuxiatuek bizi duten egoeraz "informatu eta sentsibilizatzeaz gain", "asilorako eskubidea ukapena salatu eta Europar Batasunean zirkulazio librea aldarrikatzeko". Beste "Europa bat posible" dela defendatu dute.
Behobia-Donostia lasterketaren egun berean Donostiako Kursaal jauregian egindako agerraldian, Naroa Gonzalez eta Marta Breton bozeramaileek agiri bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz hurrenez hurren, Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoa aurkezteko.
Irakurritako testuaren arabera, hainbat instituzio europarrek errefuxiatuek "asilorako eskubidea eta zirkulazio librea ukatzeko bidea hartu dute". Jarrera horren aurrean, Europako hiritarrak "gobernuen politika migratzailearen aurka” daudela azpimarratu dute. Hori dela eta, "Nazioarteko zuzenbidea" betetzea eskatu dute, eta, halaber, "jatorrizko herrialdetik alde egitera" behartuta daudenei elkartasuna adierazi diete.
Testuinguru horretan sortu da Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoa, "parte hartu nahi duen orori" irekita dagoen plataforma. Helburua "TTIP eta CETA bezalako hitzarmen komertzial kaltegarriekin bat egiten duen multinazionalen Europa ekonomizistari” ezetz esatea da, "beste Europa bat posible" dela argudiatzen dutelako.
'Marea Soziala'
Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoaren aburuz, politika europarrak aldatzeko beharrezkoa da "erabateko eta berehalako aldaketa aldarrikatzen duen marea sozialarekin" bat egitea. Hortaz, gipuzkoarrei dei egin diete plataforma honetan eta antolatzen dituzten ekimenetan parte har dezaten.
Azkenik, balkoietan eta leihoetan Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoa plataformaren banderak jartzera animatu dute jendea. Euskal lurraldeko hainbat dendatan eros daitezkeela esan dute.