Gizartea -
Haurren kontrako indarkeria
Malagan hil den hiru hilabeteko haur baten gurasoak atxilotu dituzte
Gurasoek haurra Malagako ospitalera eraman zutenerako hilda zegoen, eta tratu txar zantzuak izateaz gain, litekeena da desnutrizio egoeran ere egotea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Malagan hil den hiru hilabeteko neskato baten gurasoak atxilotu dituzte, haurrak tratu txar zantzuak zituela eta desnutrizio arazoak izan zitzakeela ondorioztatu ostean. Horrela baieztatu dute Polizia iturriek.
Atzo, osteguna, goizeko lehen orduan haurraren aitak Malagako ospitalera eraman zuenerako hilda zegoen eta, ondorioz, pediatrak Espainiako Poliziari dei egin zion.
Diario Sur egunkariak gaur zabaldutako informazioaren arabera, aitak haurra gaizki zegoela ikusita ospitalera eraman zuen, baina bertara iristerako jaioberria hilda zegoen. Haurraren amak adierazi duenez, gertaeraren unean lanean ari zen.
Ospitaleko medikuek haurraren egoera egiaztatu zutenean balizko tratu txar kasuetarako edota haurren abandonu kasuetarako protokoloa aktibatu zuten eta Poliziari dei egin zioten.
Haurraren gorpua altxatu ostean, Poliziak haurraren gurasoak atxilotu zituen eta epaileak sumarioa sekretupean jarri zuen.
Datozen orduotan autopsia egingo diote haurrari, heriotza zerk eragin dion eta medikuek artatu zuten unean zituen lesioak zerk eragin dizkion argitzeko.