Gizartea -
Sutea Nafarroan
Pertsona bat intoxikatu da kea arnasteagatik Zizurren
Bart izandako suteak kalte 'handiak' egin ditu etxebizitza batean. Eraikina hustu behar izan dute, badaezpada.
Agentziak | Erredakzioa
Pertsona bat intoxikatu da kea arnasteagatik Zizur udalerrian (Nafarroa), Ardoi urbanizazioko etxebizitza batean bart piztutako sutean. Eraikina hustu behar izan dute, baina ez da beste inor zauritu, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
05:30 aldera jazo da sutea. Suhiltzaileak heldu direnerako, su hartu duen etxebizitzako bizilagun bakarra balkoian zegoen, barruan ke handia baitzegoen. Eskailera batekin atera dute bertatik, eta Nafarroako Ospitalera eraman dute, anbulantziaz.
Eraikineko gainerako bizilagunak etxetik atera dituzte, badaezpada. Ez da inor zauritu. Eraikina aireztatu ondoren itzuli ahal izan dira etxera denak, 07:45 aldera.
"Arin eta modu eraginkorrean aritu dira suhiltzaileak, eta garrak zabaltzea saihestu dute", nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.
Horren arabera, "suhiltzaileek hala eskatuta", Foruzaingoaren Polizia Judizialaren agenteak bertaratu dira sutea zerk eragin duen ikertzeko. Kalteak "handiak" dira su hartutako etxebizitzan, logela batean batez ere.