Gizartea -

Txostena

Iruñean 306 pertsona hil zituzten frankismoaren garaian

Horietatik soilik lau epaituak izan ostean hil zituzten. Gainontzeko 302ak “desagertutako atxilotutzat” izendatu daitezke.

Joseba Asiron eta Emilio Majuelo. Argazkia: @PamplonaIruna
Joseba Asiron eta Emilio Majuelo. Argazkia: @PamplonaIruna
Joseba Asiron eta Emilio Majuelo. Argazkia: @PamplonaIruna

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frankismoaren garaian 306 iruindar hil edo gatibualdian hil ziren eta 1.014 lagun kartzelaratu zituzten arrazoi politikoengatik. Hala jasotzen du Gerra Zibilean eta garai frankistan Iruñean bizi ziren herritarrek jasan zituzten giza eskubideen urraketen peritu-txostenak.

Joseba Asiron alkateak eta Frankistaren errepresioari buruzko Oroimen Historikoaren Informazio Bulegoko zuzendari eta Historia Garaikidean doktore Emilio Majuelok prentsaurrekoan aurkeztu dute txosten hori.

Asironek gogora ekarri duenez, ikerketa horren jatorria 2015eko azaroaren 27ko Osoko Bilkuran hartutako erabakian dago, bertan erabaki baitzen Iruñeko Instrukzioko epaitegietan kereila kriminal bat aurkeztea Francoren diktadurak egindako gizateriaren kontrako krimenek Iruñeko biztanleengan izan zuten eragina ikertzeko.

Txosten horretan irakur daitekeenez, guztira 304 gizon eta bi emakume erailak izan ziren, baina horietatik soilik lau epaituak izan ostean hil zituzten. Ildo horretatik, gainontzeko 302ak “desagertutako atxilotutzat” izendatu daitezkeela esan du Majuelok.

“Orain arte ezagutzen genuena baino errepresio handiagoa, zabalagoa eta orokorragoa egon zen frankismoaren garaian”, gaineratu du Majuelok. Horrek, Nafarroako politikan ondorio izugarriak izan zituen 60ko eta 70eko hamarkadetan.

Gainera, arrazoi politikoengatik urte horietan zehar preso egon ziren biztanleei dagokionez, 1.014 kasu (867 gizon eta 147 emakume) egiaztatu ahal izan direla dio txostenak. Atxilotutako pertsona gehienak probintzia-espetxeetan edo presondegian egon ziren (806). Gainontzekoak komisaria edo tokiko kuarteletan egon ziren preso (111) eta besteak erbesteratu zituzten (84).

Alabaina, 1939ko apiriletik 1975eko azarora bitartean, ez dago jasota informazio zehatzik espetxean egondako pertsonei buruz, ezta ihes egin eta Frantziako zein Alemaniako kontzentrazio-esparruetan egondako presoei buruz (salbu eta Gurs esparruan preso egondako iruindarren kasuan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Albisteak Nafarroa Eguneko albisteak Frankismoa albisteak Memoria historikoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak