Gizartea -
Espazioa
Schiaparelli moduluak Marteren kontra talka egin zuela argitu du EEAk
ExoMars espazio-ontziko modulua planeta gorriaren kontra amildu zela baieztatu du Europako Espazio Agentziak (EEA), 300 kilometro orduko abiaduran zihoala.
Agentziak | Erredakzioa
ExoMars espazio-ontziko Schiaparelli moduluak Marteren kontra talka egin zuela baieztatu du ostiral honetan Europako Espazio Agentziak (EEA). Ikertzaileen arabera, moduluak ezin izan zuen behar bezala galgatu eta Marteren kontra talka egin ostean puskatu egin zen.
“Schiaparelli modulua planeta gorriaren kontra amildu zen, 300 kilometro orduko abiaduran zihoala”, azaldu du espazio agentziak.
Marteko azalean lurreratu behar zen modulua, baina EEAko zientzialariek ostiral honetan azaldu dutenez, Schiaparelli-ek abiadura bizkorregian egin du jaitsiera. Izan ere, Schiaparelli Marteko atmosferaren goiko partean sartu zen, jausgailua ireki zuen bere abiadura galgatzeko, baina ez zen jausgailutik askatu espero zen eran.
Europako Espazio Agentziak azaldu duenez, NASAren MRO sateliteak bere baitan duen kamera bati esker argitu dute ExoMars espazio-ontziko moduluarekin gertatu dena.
Halaber, Schiaparelli moduluak Marteren kontra talka egin zuen lekuan zonalde distiratsu bat atzeman dute adituek (moduluaren jausgailua izan daitekeela uste dute). Gainera, horren ondoan beste zonalde ilunago bat ikusi dute (talka egin zuen tokia izan daiteke).