Gizartea -
GRABAZIOA
Hasi dira 'Game of Thrones' grabatzen Barrikan
Zale ugari saiatu dira Muriola hondartzara gerturatzen, baina segurtasun neurri handiak ezarri dituzte telesail arrakastatsuaren ekoizleek, irudien filtraziorik egon ez dadin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Game of Thrones' telesail arrakastatsuaren zazpigarren denboraldia filmatzen hasi dira Barrikan, Tyrion Lannister protagonista nagusietakoa eta Sir Davor aktore ezaguna bertan direla. Gaur abiatu da grabaketa Muriolan, haitz artean ezkutatua dagoen hondartza txikian.
Grabazioarekin lotutako xehetasunik ez du zabaldu Freco Films produkzio-etxeak, eta kontu handiz ari dira informazioa partekatzen.
Bihar ere, Barrikan grabatuko dute telesaila, eta etzi, ziurrenez, Bermeora joango dira. Gaztelugatxeko parajeetan grabatuko dute ostiralera arte, eta larunbaterako Zumaiako Itzurun hondartzan egotea dute aurreikusita.
Zale ugari saiatu dira Muriola hondartzara gerturatzen, baina segurtasun neurri handiak ezarri dituzte telesail arrakastatsuaren ekoizleek, irudien filtraziorik egon ez dadin. Hondartzarako sarrera irteera guztiak itxita dituzte.
Kazetari ugari ere hurbildu dira grabazioaren lekura, eta horiek ere saiatu diren arren, ez dute aparteko irudirik eta informaziorik lortu. Telesailaren filmaziorako kontratatutako langileei galdetu zaie, baina ez dute hitz- erdirik esan. "Ezin dugu ezer esan. Isilik egotera behartzen gaituzten agiri pila bat sinatu ditugu", aitortu du langileetako batek.