Gizartea -
2015eko Fiskaltzaren Memoria
Gora egin dute genero indarkeriarekin lotutako salaketek EAEn
16 urtez azpiko adingabeei sare sozialen bidez egindako sexu-jazarpen kasuen aurrean arduratuta azaldu da EAEko fiskalburua.
Agentziak | Erredakzioa
2015ean, oro har, delituek behera egin zuten arren, gora egin zuten etxeko indarkeriarekin eta genero indarkeriarekin lotutako delituak. Guztira, hiru emakume hil zituzten horien bikotekideek edo bikotekide ohiek.
Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak 2015eko memoria aurkeztu du gaur. Haren hitzetan, orokorrean, delitu kopuruen bilakaera "jarraitua, agerikoa eta objektiboa" da.
Dena dela, emakumeen kontrako delituak jaisteko erronka bere gain hartu du Fiskaltzak, eta bereziki igotzen ari den Internet bidezko sexu-jazarpen eta erasoen kasuan. Horren hitzetan, gora egin dute 16 urtez azpiko gaztetxoei sare sozialen bidez egindako sexu-jazarpenak.
Adingabeak, jomuga
Calparsorok emandako datuen arabera, guztira 489 diligentzia abiatu dira sexu askatasun eta identitatearen kontrako delituengatik, 2014an baino 118 gutxiago —aurreko urtean, 2013an, ere, behera egin zuten—. Lurraldeka, Gipuzkoan eta Araban jaitsi egin dira mota honetako delituak; Bizkaian, berriz, apur bat egin dute gora.
Zehatz jarrita, eraso sexualengatik 199 izapide abiatu dituzte; 151, sexu-abusuengatik; 12, bortxaketagatik; 36, exhibizionismoagatik; eta 20, prostituzioagatik.
Horrez gain, 2015ean 7 prozedura egin dira 16 urtetik beherakoei sexu-abusuak egiteagatik, eta beste horrenbeste, sexu-erasoak egiteagatik. Adin horretatik beherako bi umeri sare sozialen bidez egindako sexu-jazarpenak ere jaso dituzte memorian.
Azken mota honetako delituek "kezka handia" eragiten diotela aitortu du Calparsorok. "Orain arte, sarean material pedofiloa zabaltzeagatik abiatzen ziren auzi gehiena. Orain, Interneten egindako sexu-jazarpen kasuak areagotzen hasi dira", gaineratu du.
Delitu mota berriak
Hain justu, delitu berri hauei aurre egiteko asmoz, 2015ean Zigor Kodean egindako erreforma ahotan hartu du EAEko fiskalburuak. Biktimaren baimenik gabe grabatutako irudi intimoak sarean zabaltzea edota biktimaren baimenarekin grabatu baina gero horren baimenik gabe zabaltzea (sexting) delitu dira orain.
Horrez gain, 16 urtez azpiko adingabe baten nortasuna ordezkatzea ere delitu izan beharko litzatekeela uste du Calparsorok.
Arabako Fiskaltzak jasotako "gertaera larri" batzuk ere aipatu ditu Calparsorok, "13 urtetik beherakoei eta ezinduei egindako sexu-abusuen kasuak", alegia. Calparsororen esanetan, senitartekoren batek egin ohi ditu abusuok, "biktimarengana hurbiltzeko eta ezkutuan gehiegikeriak egiteko aukera baitu".
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.