Gizartea -
Hileta-elizkizuna
Ehunka lagunek azken agurra eman diote Maria Villarri, Getxon
Elizaren aldarrean Maria Villarren argazki bat ipini dute, eta lekura hurbildu diren bizilagun askok zutik jarraitu behar izan dute hileta-elizkizuna, eliza txiki geratu baita.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka lagunek azken egurra eman diote Maria Villarri, Getxoko Areeta auzoan (Bizkaia). Mexikon bahiketa espres baten biktima izan zen Villar, eta hilda topatu zuten handik bi egunera.
Elizaren aldarrean Maria Villarren argazki bat ipini dute, eta lekura hurbildu diren bizilagun askok zutik jarraitu behar izan dute hileta-elizkizuna, eliza txiki geratu baita. Hura omentzeko lore-eskaintza egin dute.
Kirol munduko ordezkariak ere Villarren bertan izan dira; besteak beste, Jose Angel Iribar Athelticeko atezain ohia.
Imanol Landa, Getxoko alkatea, ere han izan da, eta elizan sartu aurretik babesa helarazi die Villarren sendiei.
Maria Villar Galazek 39 urte zituen, eta Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioaren presidentearen loba zen. Duela urtebete hasi zen Mexikon IBMrentzat lanean.
Eskarmentu gutxiko gaizkile talde bat
Patricia Bugarin Mexikoko Segurtasun Batzordeko Bahiketen kontrako Unitatearen koordinatzaileak esan duenez, antolatu gabeko gaizkile talde batek bahitu zuen euskal herritarra. Bahiketa espresetan eskarmentu gutxiko taldea zela uste dute ikertzaileek, eta horrek Villarren heriotza azkartu zuela.
"Ikerketa oso aurreratuta dago. Badakigu gaizkile taldea ez zela profesionala, eta horrek azkartu zuela Maria Villar Galazen heriotza lazgarria", horren hitzetan.
IBMren egoitzatik irten ostean hartu zuen taxi motaren inguruan galdetu diotenean, "bertsio kontrajarriak" daudela azaldu du Bugarinek. "Oraindik ezin izan dugu zehaztu. Ikertzen jarraitzen dugu. Ez dakigu taxian bertan bahitu ote zuten edo taxi hartatik jaitsitakoan, beste leku batean atxiki zuten", erantsi du.
Hiriko segurtasun kameren eta kamera pribatuen irudiak aztertzen ari da Polizia, arrasto gehiagoren bila.
Horrez gain, Mexikoko Poliziak operazio erraldoia jarri du martxan, bahiketa gertatu zen Santa Fe auzoan. 200 bat agente jarri dituzte lanean, segurtasuna bermatzeko.