Gizartea -
PABLO IBAR KASUA
Ibarren kontrako lekukotza bat baliogabetzeko txostena aurkeztuko dute
Gary Foy epaiketan deklaratu zuen lekukoaren deklarazioa baliogabetu nahi du Ibarren defentsak. Horretarako, txosten psikologiko eta zientifiko bat aurkeztuko dute, epaileak kontuan har dezan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pablo Ibarren kontrako lekukotza bat baliogabetzen ahaleginduko da haren abokatua, txosten psikologiko baten bidez. Zehazki, Gary Foy epaiketan deklaratu zuen lekukoaren deklarazioa baliogabetu nahi du Ibarren defentsak.
Ibarrek 22 urte daramatza preso, eta horietako 16 heriotzaren korridorean igaro ditu. Egun, kartzela arrunt batean dago, epaiketa berriaren zain.
Miamin egindako saioan, defentsa eta Fiskaltza ados jarri dira puntu batean: Ronald Fischer psikologoak deklaratzea urriaren 28an.
Fischerrek Fiskaltzaren aurrean deklaratuko du, eta hainbat agiri aurkeztuko ditu, lekuko baten testigantza ezeztatzeko. Hain zuzen ere, Gary Foy (Casimir Sucharsky biktimaren auzokidea) lekukoaren adierazpenen aurka egingo du.
Ondoren, azaroaren 1ean, jarraipen batzordea egingo dute, eta, horretan, Raaj Singhal epaileak eta aldeek Fischerren deklarazioa eta defentsaren argudioak aztertuko dituzte. 2000 urtean bukatu zen epaiketan, Foyk deklaratu zuen bi gizon ikusi zituela biktimen etxetik ateratzen, eta Ibar identifikatu zuen horietako bat zelakoan. Dena dela, aitortu egin zuen Poliziak “eragina” izan zuela bere deklarazioan, pertsonetako bat Ibar zela “iradoki” ziolako, eta, horregatik, euskal jatorriko presoa jo zuen egile gisa. Atzo Fiskaltzak aurkeztutako DNA proba berriari dagokionez, ez dela fidagarria esan du Joe Nascimentok, Ibarren defentsa taldeko abokatuak.