Gizartea -
PABLO IBAR KASUA
Ibarren kasuko jarraipen batzordeak froga berriak aztertuko ditu gaur
Miamin bilduko dira batzordeko kideak, eta, besteak beste, atzo Fiskaltzak iragarritako froga berriak izango dituzte aztergai.
EITB.EUS
Pablo Ibar kasuaz arduratzen den jarraipen batzordea bilduko da gaur Broward Countyko epaitegian, Miamin. 15:30ean hasiko da bilera (Floridan 09:30 direnean).
Ameriketako Estatu Batuetan ohiko prozedura da epaiketaren aurretik jarraipen batzordea biltzea, kasuaz arduratzen den epaileak deituta. Epaiketarekin lotutako hainbat gai aztertzen eta erabakitzen ditu batzorde horrek. Besteak beste, froga edo agiri berriak, aldeen arteko negoziazioak eta epaiketaren antolaketari dagozkion beste gai batzuk aztertzen dituzte batzordea osatzen duten kideek. Oro har, bilera laburrak izaten dira. Ekainetik, sei aldiz bildu da Ibar kasuko jarraipen batzordea, eta gaurkoa zazpigarrena izango da.
DNA froga berria
Fiskaltzak epaiketan beste DNA proba bat aurkeztuko duela iragarri zuen atzo, eta, besteak beste, hori eztabaidatuko dute gaurko hitzorduan.
Euskal jatorriko preso estatubatuarraren epaiketa errepikatuko dute, Floridako Auzitegi Gorenak 2000. urteaz gero ezarrita zuen kondena bertan behera utzi eta gero.
Saio berria prestatzeko hitzorduetako bat egin baino egun gutxi lehenago jakinarazi du erabakia Fiskaltzak, eta Ibarren aldeko elkarteko arduradunak harrituta agertu dira, "bat-batean" aurkitu dutelako froga "berria". "Ibarri 1994an gertatutako hilketak egotzi nahi dizkiote", adierazi dute.
Halaber, 2000an egindako epaiketan perituek esandakoaren arabera, kamiseta horri egindako DNA probek Pablo Ibarren parte hartzea baztertu zuten.