Gizartea -
ISTRIPUA, SORIAN
Hildako bat eta bederatzi zauritu larri, Soriako autobus-istripuan
A-15 autobidean gertatu zen istripua, Adradas parean, atzo arratsaldean. Logroño-Madril bidea egiten ari zen autobusak kamioi bat jo zuen atzetik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakume bat hil zen eta bederatzi pertsona larri zauritu, atzo arratsaldean, A-15 autobidean, Adradas (Soria) parean, izandako autobus-istripuan, Gaztela eta Leongo Gobernuko Larrialdi zerbitzuak jakitera eman duenez.
A-15 autobideko 24. kilometroan izan zen ezbeharra: Logroño-Madril bidea egiten ari zen autobusak kamioi bat jo zuen atzetik. Alsa konpainiakoa zen autobusa, eta 45 lagun zihoazen barruan. 15:00etan abiatu zen Logroñoko geltokitik Madrilera bidean, eta 17:25 inguruan gertatu zen istripua.
Konpainiatik jakitera eman dutenez, gidariak "eskarmentu handia" zuen eta duela hilabete gutxi egin zioten azken mediku azterketa. Autobusa ere egoera onean zegoela gaineratu du enpresak.
Guardia Zibilak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko. Lehen informazioen arabera, kamioia "oso motel zihoan" errepidean, eta horren ondorioz jo zuen autobusak atzetik.
Autobus-gidariari ezin izan diote deklarazioa hartu, shock egoeran dagoelako.
Istripuan zauritutako gehienak Soriako Santa Barbara Ospitalera eraman zituzten. Valladolid, Burgos eta Zaragozako erietxetara ere eraman zituzten hainbat zauritu, helikopteroz.