Gizartea -
Etorkin adingabeak
Etorkinen krisiari aurre egiteko Europaren porrota salatu du Oxfamek
Italiatik igarota Europara bakarrik heldu diren adingabe etorkinen kopurua bikoiztu egin dela salatu du GKEk.
agentziak | erredakzioa
Bakarrik heldu diren adingabe etorkin eta errefuxiatuen krisian "Europak porrot egin" duela salatu du gaur Oxfam Intermonek. Halaber, bakarrik dauden adingabeei arreta egokia emateko "ezintasuna" ageria utzi du gobernuz kanpoko erakundeak.
"Italiatik igarota aurten Europara bakarrik heldu diren adingabe etorkinen kopurua bikoiztu egin da", GKEk adingabe horien egoera aztertzeko txosten berezian jaso duenez.
"Balkanen ibilbidea itxi zutenetik eta Europak Turkiarekin akordioa sinatu zuenetik, Italia errefuxiatuen helmuga bihurtu da berriro ere", azaldu du Oxfamek.
"Bakarrik dauden adingabe artean 28 Italiako harrera sistema prekariotik kanpo gelditzen dira egunero. Gainera, harrera zentroetan bizi direnak denbora luzea ematen dute berez atxilotze-etxeak diren horietan, baldintza desegokietan edo arriskutsuetan, eta beraien eskubideei buruzko informazio ezer gutxi jasota", gaineratu du.
Oxfmek emandako ACNUR errefuxiatuen agentziaren datuen arabera, Italiara bakarrik heldutako adingabeen kopurua nabarmen hazi da. "Uztailera arte 13.705 adingabe heldu ziren bakarrik Italiara; 2015ean jasotako (12.360 haur) kopuru osoa gaindituta", salatu du.
Ildo horretan, "hiri, lurralde eta gizarteko erakunde askok ahalegin handiak egin arren, Italia ezin dio hazkunde horri aurre egin" esan du Oxfamek.
Hori horrela, atzerritar adingabeen egoeraren harira "premiazko neurriak" hartzeko deia egin die Italiako eta Europako herriei, dagozkien bermeak eta eskubideak zaintzeko.