Gizartea -
Zizurren
Emakume bat atxilotu dute taxilari bati eraso eta mehatxu egin ostean
Atxilotuak aizto bat erabili zuen txailariari mehatxu egiteko. Bien arteko tirabira horretan gizonak eskuak ebaki zituen eta, ondorioz, erietxean artatu behar izan zuten.
Agentziak | Erredakzioa
37 urteko emakume bat atxilotu dute Zizurren (Nafarroa), taxilari bati eraso eta mehatxu egitea leporatuta. Ibilgailuaren gidaria artatu behar izan dute gorputzeko atal batzuetan mozketak zituelako.
Atzo, asteartea, arratsaldean, jazo zen gertaera, A-15 errepidean. Foruzaingoak jakitera eman duenez, eskuak ebakita zituen gizonezko batek laguntza eskatu zien foruzainei eta, gertatutakoa argitzeko asmoz, polizia-patruila bat bertaratu zen lekura.
Gizonak egindako salaketaren arabera, emakumea Gasteizen hartu eta Iruñera eraman behar zuen. Hala ere, Iruñetik gertu zeudenean, ibilgailua gelditzeko eta buelta emateko agindu zion erasotzaileak.
Une horretan, emakumeak aizto bat atera eta taxilariaren lepoan jarri zuen. Hala, bien arteko tirabira horretan gizonak eskuak ebaki zituen eta, ondorioz, erietxean artatu behar izan zuten.
Taxilariak, baina, ibilgailutik irtetea lortu zuen eta emakumea giltzaperatu zuen. Orduan, foruzainei deitu eta laguntza eskatu zuen.
Atxilotua Belosoko polizia-etxera eraman zuten, eta Iruñeko 2. Instrukzioko epaitegian gertatutakoa argitzen ari dira.