Gizartea -
Zikaren birusa
Ekuadorren egondako gizonezko bat, seigarren zika kasua Euskadin
Laborategian egin dituzten probek kasua baieztatu dute, baina dagoeneko etxean dago eta eboluzio ona izan du.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzak Zikaren birusarekin kutsatutako seigarren kasua egiaztatu du Euskadin. Orain dela gutxi Ekuadorren egon den gizon bizkaitar bati atzeman diote. Laborategian egin dituzten probek baieztatu egin dute birusa duela, baina dagoeneko etxean dago eta eboluzio ona izan du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Halaber, Osasun Sailak eta Osakidetzak lasaitasun mezua zabaldu dute. Zikaren birusa gehien hedatu den herrialdeetara bidaiatzeko erabakia hartzen duten herritarrei prebentzio neurriak hartzeko gomendioa eman diete, batez ere, eltxoen ziztadak saihesteko arrisku gehieneko tokietan.
Martxoan atzeman zuten lehen zika kasua Euskadin. Venezuelatik etorri berri zen gizon batek gaixotasunaren sintomak nabaritu zituen. Horren aurrean, laborategian proba batzuk egin zituzten, eta EAEn atzemandako lehen kasua zela baieztatu zuten.
Gainerako lau kasuetan, berriz, Kolonbiatik, Dominikar Errepublikatik, Nikaraguatik eta Hondurastik etorritako lau emakumeri atzeman zizkieten gaixotasunaren sintomak.