Gizartea -
Delitua
Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, kalamua landatzea egotzita
442 kalamu-landare atzeman dizkiete. Datozen egunetan 100 landare baino gehiago biltzea aurreikusita zuten atxilotuek.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 34 urteko gizon bat eta 29 urteko emakume bat atxilotu dituzte, 442 landareko kalamu plantazio bat izatea leporatuta.
Astelehenean, abuztuak 15, Oreitiasoloko industrialdeko pabiloi batean kalamu landaketa handia zegoela jakin zuen Udaltzaingoak, eta, hori dela eta, ikerketa abiatu zuen.
Ikerketa horri esker jakin zuten bi pertsona (gizonezko bat eta emakumezko bat) maiz joaten zirela bertara, eta laborantzarekin lotutako zereginetarako behar besteko denbora ematen zutela bertan.
Astelehen arratsaldean, ikerketa taldeko agenteak aipatutako pabiloi horretan sartu ziren, eta 442 kalamu-landare eta hura hazteko eta kontserbatzeko lanabesak aurkitu zituzten bertan.
Landaketa kontrolatzeko lau egutegi zituzten pabiloian. Horri esker jakin dute zortzi astean behin biltzen zutela uzta. Hala, datozen egunetan 100 landare baino gehiago biltzea aurreikusita zuten atxilotuek.
Horrenbestez, epailearen aurrera eraman dituzte biak, ustez osasun publikoaren kontrako delitu bat egin izana egotzita. Epaileak aske utzi ditu, baina karguak egotzita.