Gizartea -
Islamofobia
Frantziako Gobernua, burkinia debekatzearen alde
Bainujantzi musulmana hiru herritan debekatu dute, eta beste batean hura debekatzea aztertzen ari dira, Errepublikako laikotasunaren aurkakoa dela argudiatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako Gobernua burkinia debekatzearen alde agertu da, baina balizko tentsioak leuntzen saiatzeko eskatu die udalei.
Hiru herritan (Cannes, Villenueve-Loubet eta Sisco) bainujantzi musulmana debekatu dute, eta beste batean (Le Touquet) debekatzea aztertzen ari dira, Errepublikako laikotasunaren aurkakoa dela argudiatuta.
Burkiniaren inguruko eztabaida oso delikatua da herrialdean, azken hilabeteetan jazotako atentatu islamistengatik.
Laurence Rossignol Emakumeen Eskubideetarako ministroaren esanetan, burkiniaren debekuak ez du loturarik terrorismoarekin, eta debekuaren alde egin du. "Burkinia ez da bainujantzi modelo berri bat, burkaren hondartzarako bertsioa da, eta logika berdina du: emakumeen gorputza estaltzea, hura kontrolatzeko", adierazi du.
Frantziak 2010ean debekatu zuen burka eta hijab edo buruko zapia erabiltzea.
Islamofobiaren aurkako Kolektiboak (CCIF) debekuen aurkako salaketa jarri du Estatu Kontseiluan, eta erakunde horrek hurrengo egunetan emango du ebazpena.
Marwan Muhammad CCIFko bozeramailearen esanetan, burkinia debekatzeak herritarren oinarrizko eskubideak urratu, eta emakume musulmanak baztertzen ditu.