Gizartea -
Zezenketen kontrako protesta
Zezenketak diruz laguntzen ez jarraitzeko eskea, Gasteizko Udalari
AnimaNaturalis elkarteak deituta, zezenketen kontrako performancea egin dute Andre Maria Zuriaren plazan.
Agentziak | Erredakzioa
"Gasteizko jaietan hilko dituzten 18 zezenen larruan" ipini dira gaur 30 bat pertsona, Arabako hiriburuan zezenketen kontra egindako 'performance' batean. Horrez gain, Udalari jarduera hori diruz laguntzen ez jarraitzeko eskatu diote.
Andre Maria Zuriaren jaien egun handian protesta egin du AnimaNaturalis elkarteak hiriko plazan. Parte hartzaileak beltzez jantzita egon dira, isilik, aurpegiaren erdia zezen baten buruaren argazki batekin estalita zutela.
Patricia Perez AnimaNaturalis elkartearen koordinatzaileak azaldu duenez, diru-laguntza publikoak eteteko eskea eraman dute Gasteizko kaleetara: "Gasteizen tauromakia badago, diruz lagunduta dagoelako da. Zezenketak egiteari uztea nahi dugu guk, eta horretarako diru-laguntza publikoak kendu behar dira", zehaztu du.
Elkartearen hitzetan, "batzuen dibertimendurako animaliak torturatzen jarrai ez dezaten" auzian esku hartu behar dute gasteiztarrek. "Ez dugu odol gehiago nahi zezen plazan; erabil dezatela beste ekitaldi batzuk egiteko. Tortura ez da kultura", adierazi du.
Hirian zezenketak egin behar diren edo ez eztabaida dago Gasteizen. Arratsaldean, aldekoek zein kontrakoek elkarretaratze bana deitu dute.